Kutxabankek ELAren ordezkaritza murriztu nahi zuen
ELAk bere askatasun sindikala erabiltzen duenean KUTXABANKek agertzen duen jarrera oldarkorra salatu nahi du. Bankuak askatasun hau urratu egin nahi izan du, eta gure barne-antolakuntza ez du aintzat hartu nahi izan, ordezkari sindikalei dagokienez.
Are deigarriagoa da KUTXABANKek gure sindikatuarekiko agertzen duen jarrera gogorra, kontutan izanik zenbateko utzikeriaz, edo areago, lankide gisa nola jokatzen duen, hauteskunde-legea urratzen duten sindikatu batzurekin, hauek EAEtik kanpoko lan-zentroak modu irregularrean biltzen dituztenean, ordezkari gehiago lortzeko helburuarekin. Mesede honek gero ordaina izaten du, Lan Akordio txarrak edota Hitzarmen negargarriak sinatzen baitituzte.
KUTXABANKek harro esan ohi du Euskal Herriko finantza erakundea dela, bere ekonomiaren eta herritarren zerbitzura dagoela. Bada, argi bazegoen ere auzi hau gure lurraldeari zegokiola, bankuak EAEko Goi Auzitegiaren jurisdikzioa ez zuen onartzen eta Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Aretora eraman nahi zuen; nonbait bere interesen alde jokatuko zuelakoan. Noski, EAEko Goi Auzitegiak esan du gai hau aztertzeko aginpidea baduela.
KUTXABANKek zehaztu egin beharko luke ustez gure herriarekiko duen lotura zertan datzan; badirudi areago ari dela (euskal) elite jakin batzuren interesak babesten.