Lakuntza: “Duela 50 urte amestu zenuten sindikatua egia bihurtu da”
1976ko adierazpen hura sindikatuaren sorrera-aktaren eta lehen estatutuen berrikuspena izan zen (1911), ELAk gaur egun oraindik ere definitzen dituen funtsezko ezaugarriak ezarriz: sindikatu abertzalea, sozialista, independentea eta afiliazioaren bidez finantzatua. Gogoratu behar da iaz, 16. kongresuan, ELAk bere printzipioak eguneratu zituela, 50. urteurrena aurreratuz.
Hori dela eta, ELAk ekitaldi berezia antolatu du Eibarren, eta 500 pertsona bertaratu dira, goiburu esanguratsu batekin: "Oinarrizko sendoak etorkizunerako: 50 urteko eraldaketa eta borroka". Horretarako, 1976ko irudi historikoa berreskuratu da (kongresu hartako irudia eta logoak Jose Luis Zumetak eta Joxean Artzek diseinatu zituzten), baina gaur egungo ikur eta koloreekin eguneratu da.
Ekitaldi honek azpimarratu du ELAk bere bilakaera egin duela, beti ere mundua aldatzeko. Sindikatua ere aldatu da, gaur egun 50.000 emakume baino gehiago afiliatuta daude ELArekin, eta migratuen artean sindikatuaren presentzia gero eta handiagoa da. ELA aspalditik kontsolidatu zen lehen sindikatu gisa (%36ko ordezkaritza dauka EAEn eta Nafarroan): Hego Euskal Herriko eskualde guztietan presentzia homogeneoa duen euskal erakunde bakarra da.
Ekitaldia hunkigarria izan da, eta omenaldia eskaini zaie 1977tik gaur arte afiliatuta jarraitzen duten pertsonei (94 bertaratu dira); azken 50 urteetako historia errepasatu da dokumental baten bidez (laster www.ela.eus webgunean egongo da eskuragarri), eta Mitxel Lakuntza, Amaia Muñoa eta Leire Txakartegiren hitzaldiekin.
"50 urte geroago, ELAk zutik, indartsuago eta ilusio handiagoarekin jarraitzen du"
"Zorioneko gaude -nabarmendu zuen Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, omenduei zuzenduz-; zuei esker, asko dugu ospatzeko, egia bihurtu baita duela mende erdi Euban eta Eibarren amestu zenuten sindikatua. Euskal Herriaren historia eta errealitatea ezin da ulertu ELA gabe". Ildo horretan, adierazi zuenez, "50 urte geroago, ELAk zutik, indartsuago eta ilusio handiagoarekin jarraitzen du herri honetako langile klasea antolatzen jarraitzeko".
"Asmatu zenuten sindikatua tresna egokiena zela euskal langileen bizitza hobetzeko ulertzean – jarraitu zuen Lakuntzak-; asmatu zenuten independentzia politiko eta ekonomiko erradikal baten aldeko apustua egitean; eta asmatu zenuten organizazio indartsu eta kohesionatu baten garrantzia lehenestean". Ildo horretan, "indartsua izan nahi duen erakunde batek bere iragana aitortu, oraina ahal bezain ongi kudeatu eta etorkizuna prestatu behar duela" ondorioztatu zuen.
Horregatik guztiagatik, etorkizunari begira, Lakuntzak azpimarratu zuen "ELA zapalkuntza ezberdinak jasaten dituzten pertsona guztien sindikatua" izan behar dela, "lan eskubideen aldeko borroka, borroka feminista, arrazismoaren aurkakoa eta abar" bateratuz. Eta independentziarantz eta Euskal Herri euskaldunerantz aurrera eginez. ELAren ustez, “borroka horiek guztiek borroka bakarra izan behar dute". Laburbilduz: "50 urte hauetan aldatu egin gara, 1976ko kongresuan oinarri sendoak ezarri zizkigulako, eta aldatu gara garai hartako asmoak egia bihurtzeko".
Amaia Muñoari (ELAko idazkari nagusiaren albokoa) egokitu zitzaion ELAko azken bi hamarkadetako aldaketei hitz egitea, eta bost erabaki aipatu zituen. Hasteko, “ELA sindikatu feminista izateko hautua; oraindik bidea egiteke dugu… Gure egiteko moduak, zaintzak gurean izan behar duen tokia, lidergo eredu ezberdinak” eta beste adibideak daude. Bigarrenez, “ELAk bere bokazio nazionala gauzatzeko erabakia: Iparralderako proiektua. Han deitzen duten ‘ekosistema’ garatzen lagundu du Manu Robles-Arangiz fundazioak azken 20 urtetan”.
Muñoak justizia klimatikoaren borroka ere aipatu zuen: “2022tik barne prozesua abian jarri dugu, helburu batekin: ekintza sindikala Trantsizio Ekosozial Justurantz orientatzea”.
“Euskal Herria euskaldunaren aldeko borroka” beste erabaki tinkoa da. “Gure organo gehienetan euskara da gure komunikazio-hizkuntza”, baina aurrerapausoak eman behar dira “administrazioetan eta enpresetan”, euskaraz lan egitea ahalbidetzeko. Azkenik, Muñoak azpimarratu zuen “Euskal Errepublikaren aldarria; ELAk euskal estatu baten aldeko hautua egin du, nazio eta klase emantzipaziorako xede gisa”.
Bestalde, Leire Txakartegik (ELAko Antolakuntza arduraduna) 1976an hartutako erabakien balioa aitortu zuen: "Sindikatu indartsu bat jaso dugu, eta gaur egun Euskal Herriko sindikatu nagusia gara, egitura handi batekin, baliabide askorekin, kaudimena daukan erresistentzia kutxarekin, kalitatezko zerbitzu juridikoekin... Hori naturaltasunez bizi dugu, baina horren atzean lan handia eta ahalegin militante handia egon da; honen oinordekoak gara gu".
"Baina zuengandik ikasi duguna ez da bakarrik eredu bat -jarraitu zuen-, idatzita ez dauden gauza asko ere jaso ditugu, idatzita ez dagoenak kultura bat osatzen baitu: proiektuarekiko konpromiso pertsonala eta kolektiboa; talde-lanaren garrantzia (elkar zaintzea eta laguntzea); organizazioa zaindu eta babestearen ardura kolektiboa (etorkizuneko belaunaldiei jaso dugun tresna osasuntsua transmitzearena)…”.
Eta hori guztien gainetik: “ELAkoa izatearen harrotasuna eta poza; katea ez dadila eten”.