Laminaciones Arregui-ko 91 kaleratzeak bertan behera
ELArentzat pozgarria izan da erabaki horren berri jakitea, zeren kaleratu guztiak berronartzea ekar dezakeen epai baten atarian gaudela ematen digu.
ELAk apustu zaila egin zuen, Auzitegi Gorenean borroka juridikoari eutsi zionean. Orain, berri honek indartu egiten du Sindikatuaren konpromiso sendoa amaigabeko gatazka horrekin.
Prozesu juridikoa honela joan da:
-
Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak deusez jo zuen enpresaren EEE, kaleratzeen iturri izan zena.
-
Enpresak epai hori errekurritu zuen Auzitegi Gorenean. Auzitegi horren Osoko Bilkuran bi tesi kontrajarri ziren, eta doi-doi irabazi zuen (7 boto 6ren aurka) EHko Auzitegi Nagusiaren epaia nabarmen aldatzen zuenak.
-
Ondoren, Batzordeak “deuseztasun-intzidentea” aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean bertan. Eta intzidente hori da gaur ebatzi dutena.
-
Autoa osotasunean ezagutzen ez dugun bitartean, eta jakinarazpen ofizialaren arabera, arrazoia ematen zaigula esan daiteke, Auzitegi Gorenaren epai eztabaidatu hura deuseztatuz, eta hortaz aurreko epaia eraldatzen duen beste idazketa baten zain geratzen gara.
ELAREN BALIOESPENA:
-
Auzitegi Gorenak gaur hartu duen erabakiak hauspo ematen die Laminaciones Arreguiko langileei, duintasunaren alde bi urte luzez daramaten borrokan jarraitzeko.
-
Guk beti esan dugun bezala, Arreguiren gatazka luzea ez da inoiz konponduko auzitegietan, enpresak lehia juridikoa irabazita zeukala uste zuenean, orain epai honek zalantzan jarri du EEEaren legezkotasuna.
-
Halaber, ELAtik Negoziazio Mahai bat irekitzeko beharra azpimarratzen dugu, gatazka alderdien arteko adostasunez behin betiko amaitzeko. Eta orain, Auzitegi Gorenak arrazoia eman digunean, jendaurrean eskaintzen diogu enpresari irtenbide negoziatu bat.
-
Eusko Jaurlaritzaren jarrerak aparteko aipamena merezi du; izan ere, gatazkan bitartekaritza-lana egin beharrean, erantzun isila eman du-eta. Oraingo garaian, beharrezkoa ez ezik, premiazkoa ere bada Lan eta Industria Sailek aurrerapauso bat ematea, eta enpleguaren aldeko apustua egitea, Laminaciones Arreguik Araban dituen lantegietan.