Lan baldintzen hobekuntza onartu da ELA eta LABen mozioaren ondoren
ELAk balorazio positiboa egin du Laudioko Udalean udal plantillaren lan baldintzen hobekuntza gehiengoz onartu izanaz, ELAk eta LABek batera aurkeztutako mozioaren ondoren, 2023an onartutako lanpostuen balorazioa behin betiko aplikatzeko helburuarekin. Udalbatzak baiezkoa eman dio balorazio hori aplikatzeko sindikatuen eskaerari, eta neurri horrek zuzenean eragingo du langileen lan baldintzen hobekuntzan.
Lanpostuen balorazioa 2023an adostu zen alderdi politikoen eta sindikatuen babes zabalarekin, baina EH Bilduren gobernu taldeak ez aplikatzea erabaki zuen, eta egoera hori gaur egunera arte mantendu da.
Atzo, martxoaren 30ean egindako osoko bilkuran, aurretik udaletxearen aurrean egindako langileen elkarretaratze baten ondoren, langileek mozioa defendatu zuten eta balorazioa benetan aplikatzeko eskatu zuten. ELAk gogorarazi du azken urteetan udal langileek %8,5eko erosahalmen galera izan dutela.
Udaletxeko talde politiko gehienek lanpostuen balorazioa aplikatzearen alde bozkatu zuten, EH Bildu izan ezik. Talde politiko hau lan baldintzak hobetzeko abstenitu ziren. ELArentzako erabaki politiko hau ulergaitza da.
Alderdi politikoek apirilaren 27ko osoko bilkurara deitu dute aurrekontu aldaketak onartzeko.
Orain, behin mozioa onartuta, ELAk Laudioko Udalari eskatu dio egin dezala behar diren tramiteak ahalik eta azkarren eta aplikatu dezala onartutako lanpostuen balorazioa, haren ezarpenak plantillaren lan baldintzak hobetzea ekarriko duelako.