Lan baldintzen okertzea salatzeko Kutxabankeko langileen mobilizazioak
Izan ere, Kutxabankeko Zuzendaritzak, alde bakarretik erabakita, ehuneko erdi langile lekualdatu ditu, funtsean Gipuzkoako langile-zerrendakoak, Bizkaiko lantokietara. Nahitaezko mugikortasun geografiko hori modu “nekagarrian” gauzatzen da, zeren eguneroko joan-etorriak, Gipuzkoatik Bizkaira eta alderantziz, autobusez egiten dira, ibilbide amaigabeetatik, Gipuzkoako hainbat herritan geldituz, joatean eta etortzean. Hori horrela, zenbait langilek 2 ordutik gorako bidaia egin behar izaten dute norabide bakoitzean, eta hori ez da lan-denboratzat hartzen. Egunean-egunean autobuseko lau ordu jasan beharra nekagarri gertatzen da.
Egoera hori CCOOek eta Pixkanakak sinatu zuten hitzarmenaren zuzeneko ondorioa da. Mugikortasun geografikoaren arazo horri langileen gogaitaldia gehitu behar diogu, azken hitzarmenaren eraginez burutu diren murrizketak direla-eta.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan Kutxabankeko enpleguaren 2013. urteko bilakaerari dagokionez, datuak ezin dira izan esanguratsuagoak: 892 lanpostu garbi suntsitu dira. Horrek, beste ezerk baino hobeto, ematen du aditzera zenbatekoa izan den lan-arloko hondamena Fernandez jaunaren ardurapeko erakundean.
Kutxabankeko enplegu-maila jaistea eta langileen lan-baldintzak okertzea, horiek dira hitzarmenaren emaitzak, sindikatu lagunkideek eta Zuzendaritzak sinatu zuten hitzarmenaren emaitzak. Horrela urratzen diote bidea euskal kutxa publikoak pribatizatzeari, eta Kutxabankeko langileen lan-baldintzak are gehiago murriztu eta hondatzeari.