Lan istripu hilgarriek ez dute etenik Nafarroan
Antza denez, pertsona hau VW Navarra enpresak azpikontratatutako Obras y Construcciones TEX, S.L. enpresarentzat ari zen lanean, ibilgailuaren gidaria berriz, azken honek azpikontratatutako Construcciones Resa Encofrados y Estructuras, S.L. enpresarentzat.
Gertatutakoari erantzunez, Enpresa Batzordeak (ELAko ordezkaritza barne) gaur arratsaldeko ordu bietatik aintzinera 24 orduko lanuztea deitu du, eta bihar eguerdiko 13:00etarako (Asteazkena, Irailak 2) protesta elkarretaratzea antolatu du, azken hau Landaben industriagunean (Iruñea) dagoen VW Navarra-ko sarrera nagusian izango delarik.
Lehenik eta behin, hildakoaren senitarteko eta lankideei gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, azken istripu honen ondorio larriengatik gure haserre eta kezka erakutsi nahi dugun aldi berean. Horregatik ELAk, enpresa batzordeak deitutako elkarretaratzea babestuz langile eta herritarrei bertan parte hartzeko deia luzatu nahi die.
Era berean azken heriotz honekin 2015ean Nafarroan bere lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak gutxienez 9 izango liratekeela salatu nahi dugu, hauetako ia guztiak azpikontratatutako enpresetako langileak direla nabarmenduz. Azken hau lan-ezbeharrak zorigaitzeko gertaera isolatuak ez direnaren eta lan-harremanen eredu zehatz baten ondorio direnaren erakusle garbia da.
Kontrolik gabeko azpikontratazioa, lan-kontratuen aldi-baterakotasuna, jasangaitzak diren lan-erritmoak, amaigabeko lanegunak... Hauek guztiak gisa honetako lan-istripuetan etengabean agertzen diren faktoreak dira, Nafarroako langileok pairatzen dugun lan-ezbehar kopuruaren jatorria lan-baldintza exkaxetan dagoela erakusten dutenak, hain zuzen.
Egoera honen aintzinean Nafarroako Gobernuari eta Lan-Ikuskaritzari, azken boladan hazten ari den lan-ezbehar kopurua geldiarazteko berehalako neurri eraginkorrak hartu ditzatela eskatzen diegu, aipatutako prekarietate-faktoreei mugak jarriz eta enpresen betegabetzeen gaineko kontrola areagotuz, hurrenez hurren.