Lan-istripuek eraginda 54 langile hil ziren 2015ean Hego Euskal Herrian
Adolfo Muñoz “Txiki” idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi eta Leire Heredia, lan segurtasun arloko arduradunek 2015eko lan istripuen eta gaixotasun profesionalei inguruko txostena aurkeztu dute Bilbon.
ELAk azaldu duenez ezbeharren egiturazko arrazoiak lan merkatuaren gero eta prekarietate handiagoa eta enpleguaren kalitate txarra dira. Izan ere, hona hemen sufritzen dugun gizarte arazo horren arrazoi nagusiak: azpikontratazioaren maila izugarri altuak, lan-erritmo itogarriak, lanaldi partzialak gora egin izana (eta horren ondorioz, gero eta jende gehiago behartua dago lan bat baino gehiago egitera hilabete bukaerara iristeko), eta prestakuntzarik eza.
Lanbide-gaixotasunei dagokienez, axolagabekeria erabatekoa dela salatu du ELAk. 2015ean lanbide-gaixotasunaren inguruko susmo gehiago jakinarazi dira 2014an baino hala EAEn nola Nafarroan, baina ez dira inola ere nahikoak. Datu ofizialek ez dute errealitatea erakusten. Argi dago lanbide-gaixotasunak ezkutuan mantentzen direla eta benetan direnak baino askoz ere gutxiago jakinarazten dituztela. Europa eta mundu mailan lanbide-gaixotasunen hazkundea eta eragina hain gai kezkagarria izanik (lan-istripuek dituzten ondorioak berak baino kezkagarriagoak), hemengo administrazioentzat gai horrek hutsaren hurrengoa izaten jarraitzen du.
Egungo egoerari aurre egiteko eta, bereziki, lan istripuak murrizteko, Enplegu duina eta eskubideduna sortzea lehentasunezkoa izan behar duela gobernuen ekintzan azpimarratu du ELAk. Horren haritik, gobernuen zeregina da enplegua sortzeko politikak bultzatzea eta lan-eskubideak zabaltzea, prekarietatea ezabatuz, kontrolik gabeko azpikontratazioa mugatuz, eta era berean, denboraldi partzialeko kontratazioa eta kontratazioko lege-iruzurra mugatuz.