Lanbide Heziketa Lege-aurreproiektuak hezkuntza erabat enpresen behar eta nahietara makurtzen du

2016/04/13
ELAk oso larritzat jotzen du jaurlaritzak hezkuntzaren izatekoa sakrifikatzea eta diru publikoa erabiltzea ikasleak, irakasleak eta langileak enpresen irabazien menpe jartzeko.

ELAk agerraldia burutu du gaur Gasteizko legebiltzarrean eztabaida bidean dagoen Lanbide Heziketako Lege-aurreproiektuaren inguruan bere iritzia emateko.

Sindikatuaren ustez, lege-aurreproiektuak egungo krisia, langabezia eta eskola uzte goiztiar datuak aitzakia moduan erabiltzen ditu, Heziberrirekin egiten den moduan, Lanbied Heziketa erabat enpresen behar eta nahietara makurtzeko. Hezkuntzaren izateko arrazoi nagusia den pertsonen eta jendartearen garapen integrala alde batera utziz.

Lanbide Heziketako IV. Planean lehenik eta orain Lege- aurreproiektuan, behin eta berriro azaltzen da “Lanbide Heziketa enpresen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzutera eta enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratu behar dela”. Horretarako heziketa osoa merkatuen beharretara moldatzen du, baita ikasleen irteera profila ere. Enpresekin harremanak areagotzen dira, Lanbide Heziketa beraien zerbitzura jarriz, etengabe entzuten dugun publiko-pribatu elkarlana bultzatuz. Enpresek ikastetxeen antolakuntzan eta curriculumean eragin ahal izango dute prestakuntzak bere behar zehatzei erantzun diezaien. Enpresek beharrezko dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntza ere hein handi batean ikastetxeen eta bertako langile eta ikasleen bidez bideratzen da.

Denen ahotan dabilen Lanbide Heziketa “duala”-k ere bultzada nabarmena jasotzen du, baina ikasleak, irakasleak eta enpresetako langileak babesteko ezinbestekoak diren neurriak hartu gabe. Hain zuzen ere, ikasketa eta lanaldi mota honekin, ikasleak eskulan merkea izateko arriskua nabaria da, baita ikasleek langileen postuak beken bidez eta doan ordezkatzeko arriskua ere.

Irakaskuntza Publikoan legeak aukera ematen dio ikastetxeari praktikan nahi dituen irakasleak aukeratzeko, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak ezbaian jarriz.

Ikastetxe pribatu eta enpresetan, aldiz, ez dago kontrol publiko nahikorik eta nabaria da Hezkuntza Saila eta Lanbideren arteko koordinazio falta, iruzur eta ultelkeriari atea irekiz.

Azkenik, hirueleko hizkuntza markoa ezartzen da, ingelesari trataera berezia emanez. Formalki eskaintza guztia euskaraz egiteko aukera ezartzen da, B eredua ere Lanbide Heziketan ezarriz, baina erabilera erreala indartzeko neurririk ez da hartzen. Ondorioz Lanbide Heziketak hezkuntza sistemaren salbuespenetariko bat izaten jarraituko du euskalduntzeari dagokionez.