Langabeziak berriro egin du gora abuztuan, 2.438 langabeturekin

Langabeziak berriro egin du gora abuztuan, 2.438 langabeturekin
Batzuek susperraldi ekonomikoaz hitz egiten duten arren, enpleguak berriro ere izan du atzerakada Hego Euskal Herrian. Langabezian 2.438 pertsona gehiago daude, hau da, %1,6ko igoera eman da abuztuan. Esan beharra dago abuztuko zifrek kontrako joera erakusten dutela Nafarroan eta EAEn. EAEn 3.058 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta Nafarroan, berriz, seigarren hilabetez jaitsi da langabezia, oraingoan 620 langabetuetan. Hala, langabezia-tasa %11,7ko tasara igo da, beste behin ere, Europako eta inguruko herrialdeetako batez bestekoaren oso gainetik.

Langabezia eta lan-prekarietatea zuzenean lotuta daude. Abuztuan egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berberak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak dira. Behin-behineko kontratuen kopurua oso handia izaten jarraitzen du, abuztuan sinatutako kontratuen ia %94 izan baitira mota horretakoak. Gainera, kontratazio mugagabeak %12,5 egin du behera, 2019ko datuekin alderatuta.

Espainiako Lan Ministerioak eskainitako datuen arabera, langabezian izena emanda zeuden pertsonen erdiak baino gehiagok ez zuten langabeziaprestaziorik jaso uztailean. Prestazioaren batez bestekoa 863,9 eurokoa izan zen EAEn, eta 902,1 eurokoa Nafarroan; kopuru horiek nabarmen murriztu dira maiatzetik.

Udazken honetan biziko dugun ziurgabetasun-egoeraren aurrean, ezinbestekoa da mobilizazioa, lan-prekarietatearekin amaituko duten eta sektore publikoan zein pribatuan lan-baldintzak duinduko dituzten neurrien alde borrokatzeko. Horrenbestez, ezinbestekoa da lan-erreforma indargabetzea, bai eta administrazioek inbertsio handiagoa egitea ere, besteak beste, behinbehinekotasun handiarekin amaitzeko.