Langileak antolatzea eta greba areagotzea izan dira EAEko Itunpeko Irakaskuntzaren akordio gogoangarriaren gakoak

2019/11/13
ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuen iritziz EAEko Itunpeko Irakaskuntzan azaroaren 8an lorturiko akordioa inoiz ez bezalakoa izan da, eta akordioaren giltzarriak langileen antolamendua eta grebak areagotzea izan direla adierazi dute. "Akordioaren gakoa mobilizazioen dinamika izan da, 29 greba-egun behar izan dira helmugara iristeko. Langile horiek 10 urtez egon dira beren hitzarmena berritu gabe, eta grebari eta grebalariei esker, eskakizun nagusiak eskuratu dituzte. Horrek oso eragin onuragarria izango du lan-baldintzetan, eta ondorioz, ikasleen hezkuntzaren kalitatean" ziurtatu dute.

ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek akordioaren garrantzia azpimarratu dute, edukiengatik berengatik, eskakizun ia guztiak onartu direlako, eta baita sektoreko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea onartzeagatik ere, patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren borondatearen aurka.

Aipaturiko sindikatuek, EAEko Itunpeko Irakaskuntzaren hitzarmen berria balioesteko, Bilbon emandako prentsaurrekoan patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera temati eta antinegoziatzaileari leporatu diote gatazkaren iraupen luzearen errua, "azken unera arte ez baitituzte proposatu akordioa ahalbidetu duten edukiak eta proposamenak". "Sindikatuok beti erakutsi ditugu adostasunerako borondatea, zintzotasuna eta malgutasuna. Behin eta berriz deitu diegu patronalei eta Hezkuntza Sailari, eduki eta proposamen egokiak aurkeztera, eta gatazkaren konponbidean parte hartzera; hala ere, aurreko bi ikasturteetan 27 greba-egun egin behar izan dira, eta ikasturte honetan hilabete jarraituko greba-deialdia egin, eta grebaren lehenengo bi egunetan langileen jarraipen zabala ikusi behar izan da, akordioa egiteko" kritikatu dute.

Halaber, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuek grebalariak zoriondu dituzte, gatazka luze horretan erakutsitako irmotasun eta indarragatik. "Akordio hau haiek lortu dute" nabarmendu dute.

Hitzarmen berriaren eduki nagusiak

Esparrurik prekarizatuenak eta feminizatuenak. Lorpen nagusienen artean, Hezkuntza laguntzako espezialisten jardunaldia urtean 97 orduz murriztuko da (1.390etik 1.293 orduko jardunaldira) eta astean ordu eta erdi izango dute koordinazio lanetarako (ordu bat lanaldi osoa baino lanaldi txikiagoa dutenentzat); HHko lehen zikloko langileei dagokienez, urteko lanaldian 45 orduko murrizketa izango dute (1.620tik 1.575 orduko jardunaldira), eta koordinaziorako, urtean 125 ordu izango dituzte.

Birkokapena eta erretiro partzial aurreratua. Sindikatuok eta patronalak Eusko Jaurlaritzaren babesa izango duen akordio bat itxi dugu, gela itxieragatik lanpostua gal dezaketen langileen birkokapena bermatuko duena. Sektoreko langile guztiak barnebiltzen dituen akordioa da, lanpostu galerarako zein birkokapenerako irizpide objektiboak eta jarraitu beharreko prozedura ezartzen duena. Eta birkokapena eraginkorra izateko, funtsezko elementua duena: lanpostua gal dezaketen langileak birkokatu ahal izateko beharrezko lanpostu duinen sorrera ahalbidetzen du, adin jakin bat duten langile guztiek erretiro partzial aurreratua %75eko jardunaldian hartzeko eskubidea izango baitute, eta ondorioz erretiroa hartzen duten langileen ordez lanaldi osoko behin betiko errelebistak hartuko baitira.

Soldatak. 2017-2020 urte bitartean azken 10 urte hauetan galdutako eros-ahalmenaren ia erdia berreskuratuko dute langileek, zehazki KPItik gora 4 puntuko soldata-igoera izango dute lau urtetan banatuta. DBHko lehen zikloan ari diren irakasle lizentziadunek DBHko bigarren zikloko soldata parekatzea ere izango dute.

Lan kargak arintzeko neurriak. Irakasleek, lan pertsonalerako astean 3 ordu osagarri bermatuta izango dituzte zentroan egitekoak, eta urtean 40 ordu zenbatuko dira ikastetxetik kanpo egindako lanagatik.

Administrazio eta zerbitzuetako langileek urteko lanaldia 30 orduz txikiagoa izango dute (1585eko lanalditik 1555eko lanaldira), eta ordaindutako 2 egun libre izango dituzte.

Ordezkapenak. Espero gabeko bajen ordezkapenak hirugarren egunetik aurrera egingo dira; aurreikusitakoak berriz lehen egunetik, hiru egunetik gorakoak badira.

Lanbide Heziketa. Datorren ikasturterako, 2020-2021, irakasleen jardunaldiaren banaketa negoziatuko da, ordu lektibo eta osagarrien proportzionaltasuna mantenduz; baita lan zentruetako formazioaren jarraipenerako asteko 6 ordu lektiboen banaketa ere tutore eta koordinatzailearen artean, gela edo tailerreko praktikaldietan, 20 ikasle baino gutxiagoko geletan, bi irakasleren presentziarekin batera.