Langileek, ikasleek eta familiek babes zabala eman diote EAEko Hezkuntzako grebari

2020/09/15
Gobernuak greba eta mobilizazioak oztopatzen saiatu arren, gaurko EAEko hezkuntza sektorean deitutako grebak babes zabala izan du. Guztira, greba egin zezaketen langileen % 70ek egin dute bat grebarekin, eta beste askok bat egin dute gutxieneko zerbitzuetan egon arren. Era berean, gaurko manifestazioetan parte hartu duten langileen kopurua oso handia izan da: 8.000 lagun izan dira Bilboko kaleetan; 5.000, Gasteizen; eta 4.000, Donostian. Manifestazioekin bat egin dute, halaber, ikastetxe askotako guraso-elkarteek eta ikasleen mugimenduek.

Greba bertan behera uzteko eta ikusezin bihurtzeko Eusko Jaurlaritzak egindako ahaleginak kritikatu dituzte sindikatuek. "Hainbat saiakera egin ditu azken egunetan bere kudeaketa tamalgarria eta plangintza falta ezkutatzeko. Alde batetik, sailburu berriak azken orduko aldebiko bileretara deitu gintuen, eta horietan ez zen inolako zehaztapenik edo baliabide-aurreikuspenik egin, eta, ondoren, propaganda-asmo hutsez adierazpenak egin zituen; bestetik, atzo, inoiz baino gutxieneko zerbitzu handiagoak ezartzen zituen agindu baten berri eman zuen, ikastetxeen antolaketan kaos-egoera berri eta onartezin bat sortuz ".

Gauzak horrela, sektoreko sindikatu guztiek Hezkuntza Sailari eskatzen diote behingoz bere gain har dezala egoerak eskatzen duen erantzukizuna, eta abian jar ditzala aurrez aurreko ikastaro segurua eta adostua bermatzeko neurriak, bai eta osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko baliabideak ere. Bestela, mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela aurreratu dute.

Sektoreko sindikatu guztiek eskatzen dute ratioak jaistea eta plantillak handitzea langile-talde guztietan; garbiketako langileak, sukaldariak, 0-3 haur-hezitzaileak, behar bereziei erantzuteko espezialistak, jantokietako eta garraioetako monitoreak eta irakasleak; ikastetxeei NBE ematea, protokoloak jasotzen duen bezala, bereziki laguntzako espezialisten kasuan; 3m2 eta 1,5 metroko distantzia pertsona bakoitzeko ikasgeletan 10-15 ikasle gelako (zati bat gutxiago eskoletan) Teknologia eta euskara murrizteko neurriak eta baliabideak jartzea; ikasle guztientzako jantoki-zerbitzua bermatzea; curriculuma egokitzea eta murriztea, ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuta; kalteberatasun- eta sentikortasun-egoeran dauden langileak babesteko neurriak eta kontziliaziorako baimen ordaindua ezartzea.