Legutioko Udalak alde bakarrez aldatu du Udaleko lanpostuen zerrenda hiru langile lanik gabe uzteko

ELAk salatu du Legutioko Udalak (Araba) aldebakarrez aldatu duela udaleko lanpostuen zerrenda (LPZ), eta mantentze eta garbiketa zerbitzuan diharduten 50 urtetik gorako hiru pertsona lanik gabe utziko ditu; hirurek ere bertan hamarkada baino gehiago daramatzate lanean.
Horretarako, Udalak erabaki du azken unean lanpostu horien euskara eskakizuna aldatzea, egonkortze prozesu betean eta hizkuntza eskakizuna bete ahal izateko inolako tarterik eman gabe. Hori dela eta, 3 langile horiek ezingo dute hautaketa prozesura aurkeztu.
Gogoratu dezagun orain arte Udalak ez duela langile horiek euskalduntzeko inolako baliabiderik ipini. Gainera, Legutiori dagokion derrigortasun tasa zabal gainditzen du udaleko lan zerrendak.
ELAk udalari proposamena egin dio hiru langile horiek egonkortu eta administrazioa benetan euskalduntzeko. Baina Udalak erabaki du atzera botatzea.
Proposamenak langileen babesa du, eta, erakundeak beharrezko bitartekoak jartzea onartzen bazuen, zegokien hizkuntza eskakizuna lortzeko prest agertu dira. Izan ere, ELAk uste du erakundeetan ere euskalduntze prozesuak abiatu behar direla, eta langileen partetik ere, baliabideak eskainita, euskaldundu behar direla.
ELAk Legutioko Udalari eskatu dio jarrera aldatu eta benetako negoziazioa ireki dezala langileen ordezkariekin, langileak egonkortzeko eta administrazioa euskalduntzeko.