Elkarretaratzea Lakuan sektore-mahaia biltzea eskatuz

2008/04/08
ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariek elkarretaratze bat egin dute apirilaren 8an Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean, euren haserrea jendaurrean agertzeko. Izan ere, sindikatuen gehiengoak azarotik hona hainbat aldiz eskatu du sektore-mahairako deia egiteko, eta Lakuako Gobernuak ez die jaramonik egin.

Eusko Jaurlaritzak ez du inon ere jarrera negoziatzailerik erakutsi. Baina jarrera hori nabarmena izan bada beste sektore batzuetan, hemen ez du ardurarik hartzen ezta negoziazio-mahaia konbokatzeko ere. Jarrera hori langileekiko arbuiagarria izateaz gain, erakusgarria ere bada, ondo baino hobeto erakusten baitute beren izaera nolakoa den: negoziazioaren aurkakoa eta inposizioaren aldekoa. Adibiderik ez dugu faltan, besteak beste, langileen ordezkarien informazio- eta partehartze-eskubideak behin eta berriz urratu izana, eta, lehen aipatu dugun bezala, negoziazioaren arrastorik inondik inora ez ikustea.

 

Hori horrela, ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariok ekintza-sorta bat burutuko dute. Lehenengo ekintzaren barruan, Gobernuko egoitza nagusiaren aurrean ordu erdiko elkarretaratze hau izan da, gero eraikineko harreran, “kafe sindikala” hartu langileekin eta, amaitzeko, sindikatu dei-egileen plataforma bateratua eta premiazko bilera baterako eskaria eman dizkie Funtzio Publikoko sailburuorde Pablo Ruiz de Gordejuelari.

 

Erantzun positiboa emango digulakoan gaude; osterantzean, mobilizazio-egutegiarekin jarraituko dugu.