Madrilgo akordioak ez ditu enpresen esplotazio estrategiak zalantzan jartzen
ELAk salatu egin du gardentasunik eza dela CCOOek, UGTk, CEOEk eta CEPyMEk Madrilen egiten duten negoziazio burokratikoaren ezaugarria. Akordioa plazaratzen denean, ELAk berari buruzko iritzia ezagutaraziko du.
Halere, sindikatuak akordioari buruz dagoeneko ofizial egin diren puntuak juzkatu nahi ditu, baita CEBEKen batzarrean Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak egin dituzten adierazpenak ere.
1.- MADRILGO AKORDIOA:
A.- GOMENDIO HUTSA DA. Akordioa, hala konfirmatuz gero, gomendio sail bat besterik ez litzateke. Ez ditu patronala, ez sindikatuak, ezer konkretua egitera derrigortzen. Hitzarmen kolektiboetako edukiak negoziazio-mahaietan adostutakoak izango dira.
B.- IGOERA, “GEHIENEZ” %1. Soldatei buruzko akordioa lotsagarria da. Xede bakarra du, gehienezko muga ezartzea. Espainiako CCOOeko idazkari nagusiak duela hilabete esan zuen akordioa izatekotan ez lukeela “0” bat jasoko, zenbaki osoak baizik. Nola konpondu dute arazoa? “Gomendio”ak, gomendioa baita, gehienezko igoera ezartzen du: “aurten gehienez%1, eta datorren urtean, gehienez %1,5”.
CEPyMEko buru den Antonio Garamendik akordioaren berri zehatzagoa eman zuen atzo. Zalantzak uxatzeko esan zuen: “adostu daiteke minus %4, minus %2, %0,2, %0,4, baita %1 ere. Baina inola ere ez gehiago. Argi gera dadila”. Beste azalpenik ez da behar.
Benetan, umiliagarria dela uste dugu egoera honetan, zeinetan patronalek eta gobernuek langileei baldintza miserableak ezartzen dizkieten, UGTren eta CCOOek berriro soldaten aurkako eraso estrategiari babesa ematea.
2.- CONFEBASKEN ETA JAURLARITZAREN ADIERAZPENAK CEBEKEN BATZARREAN.
A.- CONFEBASK. ELAk hiru puntu nabarmendu nahi ditu.
-
Akordioa EAEra “egokitzeko” Confebasken borondatea. Posizio koherentea, izan ere CEOEko kide baita, eta bere interesen alde egiten baitu. Gutxiengo sindikalarekin (CCOO eta UGT) hitzartutako akordio baten bidez egingo luke. Euskal patronalak “inbidia sanoa” omen du enpresei malgutasun handiagoa iristeko aukera ematen dien akordioa ikusita.
-
Confebaskek mespretxatu egiten ditu euskal esparru sindikaleko hauteskundeen emaitzak. Confebaskek dioenez euskal gehiengo sindikala, zeina “hauteskundez hauteskunde berritzen” den, “enpresen lehiakortasunerako arrisku bat” omen da. Hau bat dator lehenago PPren Gobernuari egin zion eskariarekin, hots, ELA eta LAB sindikatu gisa legez kanpo jartzeko prozedura bat ezartzea.
-
Patronalak Eusko Jaurlaritzari diru gehiago eskatu dio. Confebaskeko kide den CEBEKek Jaurlaritzari eskatu zion finantzatzeko sistema bat ezar dezala patronalek beren funtzioak bete ahal izateko. ELAren ustez, diru publikotik bizi den patronalak gurean lobby gisa jokatzen du, gizarte-politikak eta negoziazio kolektiboa blokeatzeko. Akaso PPk prestakuntza sisteman erabaki duen aldaketa medio -ikastaroak emateko monopolioa kendu diete- Eusko Jaurlaritzari diru gehiago eskatzera behartuta daude. ELAk Jaurlaritzari galdegiten dio ez ditzala guztion diruz finantzatu politika sozialak saboteatzen dituztenak.
B.- EUSKO JAURLARITZA
-
Confebaski erabateko babesa. Jaurlaritzak berriro utzi zuen agerian tesi patronalak babesten dituela, inolako erreparorik gabe. Gobernuak erabaki du, egia alde batera utzita, guri egoztea negoziazio kolektiboan akordiorik ez izatearen ardura. Haatik, ez du esaten 2013ko uztailaren 5ean nork bidali zituen pikutara CCOO, LAB, UGT eta Jaurlaritza bera, beronek Lanbidearteko Akordioa lortzeko saioa egin zuenean. Hain zuzen Confebask izan zen; patronalak orduan esan zuen, gaur bezalaxe, bere alde duen legea aski zuela.
-
EAEn gutxiengo sindikalarekin antzeko zerbait egiteko prest dago. Enplegu sailburuak, patronalaren egoitzan, “antzeko” edo “beste edukiekiko” (¿?) akordio bat sustatzeko prestutasuna adierazi zuen, “bidaide izan nahi duenarekin”. ELAk salatu egiten du Jaurlaritzak patronalaren estrategia babestea, zeina hemen eta Madrilen berbera den.
-
Bere ardurapeko eremuetan negoziazio kolektiboa birrinduta dago. Euskal arlo publikoan ez dago negoziazio kolektiborik. Jaurlaritzak arlo pribaturako aldarrikatzen duena ez du esparru publikoan egiten. Gobernua, bere ekintzak medio, patronalarentzako eredu bilakatu da.
3.- MADRILGO AKORDIOAREN TESTUINGURUA. Beste erreforma laboral bat, ate joka.
-
ELAk gogoratu beharra dauka estatuko Negoziazio Kolektiboko aurreko Akordioa 2012ko urtarrilaren 30ean sinatu zela. CCOOek eta UGTk esan zuten orduan horrela erreforma laborala saihestuko zela. Bi asteren buruan, ordea, PPk ezagutzen dugun erreforma lazgarria erabaki zuen.
-
Egun, Eurotaldea, Batzordea, EBZ, NDF, Espainiako Bankua... guztiak espainiar gobernuari beste erreforma laboral bat eskatzen ari dira.
-
CEOE ez da asetuko CCOO eta UGTrekin sinatu duen akordioarekin. PPri beste erreforma bat galdegiten ari zaio, enpleguaren inguruko bere erabakiak (kaleratze kolektiboak...) atzera ezinak izan daitezen, epaileek zuzendu ezinekoak alegia; zati batean ultraaktibitatea iraunarazten duten erabaki judizialak ezabatu nahi ditu; zinismo handiz argudiatzen du “kontratuen bitasuna” eskatzeko mugagabeko kontratuei eskubideak kentzea.
-
Justizia ministroak aste honetan bertan esan du, ebazpen judizial batzuk gogoko ez dituelarik “legearen izpirituaren aurkakoak direlako”, ez duela baztertzen “araudiaren hobekutnza tekniko-juridiko bat”. Hots, beste erreforma bat.
CCOOen eta UGTren arazoa ez da bista motza izatea. Izan ere, beren ahuleziak honelako akordioak aintzat hartzera behartzen ditu; bitartean, beti bezala, patronala Gobernuarekin ari da bere jokoa egiten, askoz ere gehiago lortze aldera.