Mercedes-Benzeko greba deialdiari eutsi zaio

2022/07/05
Gasteizko Mercedes-Benzeko sindikatuek eta patronalak gaur izandako bilera aurrerapen esanguratsurik gabe amaitu da; horregatik, ELA, LAB eta ESK sindikatuek aste honetako greba deialdiari eutsi diote uztailaren 6, 7 eta 8an.

Zuzendaritzak ez du KPIari lotutako igoerarik proposatu, eta oraindik ez du bermatu langileen erosahalmena; izan ere, zuzendaritzak proposatutako soldata igoerak egungo KPIaren oso azpitik daude: %5eko igoera aurten, eta % 2koa gainerakoetan. Halaber, seigarren gauari eta malgutasunaren aldeko apustuari eutsi die. Gainera, ez ditu arautzen asteburuetan eta jaiegunetan lan egiten duen kolektiboaren baldintzak, eta ez die kasurik egin V. ereduari eta mugikortasunari buruzko aldarrikapenei. Aldarrikapen horiek guztiak azken batzarrean langileek defendatu zituzten.

Hori dela eta, UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek uztailaren 6ko greba eguna bertan behera uztea erabaki badute ere, ELA, LAB eta ESK-k deialdiari eusten diete, Batzarrean erabaki zen bezala.
Bihar, 10:30ean, manifestazioa egingo dute fabrikako hegoaldeko porteriatik hasita, eta batzarra egingo da Mercedeseko langileentzat, zuzendaritzak planteatutakoaren berri xehetasun gehiagorekin emateko.