EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeak

Milaka langile izan dira Gasteizko manifestazioan Hitzarmenaren aldeko hamabigarren greba egunean

2024/01/23
Sindikatuek hitzarmena sinatzea ahalbideratuko duten proposamenak lehenbailehen egiteko aldarria zuzendu diete patronalei. Jaurlaritari berriz oztoporik ez jarri eta gatazka bideratzeko esku har dezala galdegin diete.

Hitzarmena berritzeko borrokan Gizarte Ekimeneko langileek hamabigarren greba eguna dute gaur. Grebak jarraipen zabala izan du, %65etik gorakoa; aurreko greba egunetakoen pare.

Greba aurreko asteetan, patronalek bileretara deitu dituzte sindikatuak, baina akordioa lortzeko gakoak diren gaietan ez dute gutxieneko edukirik aurkeztu.

Soldaten inguruko plantemandua izan da zehaztasunez aurkeztu duten bakarra, eta bera onartezina da, 2021-2024 bitarte KPI akumulatua bera ere ez baitu bermatzen eta langile hauen soldatak mahai negoziatzailetik at erabakitzea suposatzen baitu. Funtseskoak diren gainerako edukiei dagokionez ez dago proposamenik. Lan kargak arintzeko neurririk ez dago, sektore feminizatu eta prekarioenen lan baldintzak hobetzeko ere ez, AZPko langileentzat urteko 15 orduko lanaldi murrizketa sinboliko bat soilik eta enplegua bermatzeko proposamen konkretu eta eraginkorrik ere ez dute aurkeztu.

Sindikatuok lehenbailehen eman nahi diogu irtenbidea gatazka honi; eta horretarako giltza Patronalek daukate. Horregatik, Sindikatuek patronalei eta Jaurlaritzari eskatu diete gatazka luzatzeko estrategiak eta greba eskubidea urratzeko jarrerak alboratzea, eta hitzarmena berritzea ahalbideratuko duten edukiak landu eta lehenbailehen mahaigaineratzea.

Sindikatuek beste bi greba egun dituzte deituta urtarrilerako: urtarrilaren 24 eta 25. Bihar, urtarrilaren 24an kotxe karabanak eta mobilizazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Goizeko mobilizazio nagusiak 11.30etan izango dira, Eskolapioetako ikastetxean Bilbon, Kristau Eskola patronal nagusiaren egoitza aurrean Donostian eta San Viator ikastetxe aurrean Gasteizen.