Miren Zubizarreta: “Hezkuntza eraldatu, hobetu eta langileak zainduko dituen Legea nahi dugu”

2022/11/30
Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren norabide eza salatu du Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak, Bilbon egindako manifestazioan. “Hasieratik esan genuen lege proposamenak egungo sistema betikotzen zuela: ez dago sare banaketa gainditzeko neurririk, murgiltze ereduaren alde, kurrikulumaz edo lan baldintzak bermatzeko”.

ELAk, ordezkaritzaren %41 duenak, hainbat ekarpen egin dizkio aurreproiektuari, baina sindikatuen eskaerek “inolako islarik” izan ez dutela ziurtatu du Zubizarretak. Izan ere, “aurreproiektuak ez du jasotzen ze norabide eman nahi zaion hezkuntzari, ez du egungo sare banaketa gainditzeko urratsik zehazten, mugiltze eredua alboratzen du, lan baldintzak aipatu ere ez ditu egiten, eta euskal kurrikuluma eta Euskal Herria erreferentzia izateko pausorik ez du zehazten”.

Gainera, ELAk salatu du ez dagoela inolako parte hartze eta elkarrizketa ofizialik. “Hezkuntza Hitzarmenean babesturik, langileen lan baldintzetan eta lanpostuetan eragina izan dezaketen erabakiak hartzen ari da Hezkuntza Saila sindikatuokin adostu eta negoziatu gabe”. Horregatik jo behar izan dute langileek grebetara.

Gaurko lehen grebaren ondoren, abenduaren 14an egingo dute bigarrena ELAk, STEILASek eta LABek deituta. Izan ere, “ELAk ez du ontzat emango egungo Hezkuntza Sistemaren eraldaketa ekarriko ez duen akordiorik, langileen lan baldintzak kontuan hartu gabe”.