ITUNPEKO HEZKUNTZA

Miren Zubizarreta: “Proposamen egokiak jaso arte mobilizazioekin jarraituko dugu”

2023/12/11
Miren Zubizarreta (ELA-Hezkuntzako arduraduna) azpimarratu du gaurko itunpeko hezkuntzaren grebaren arrakasta: “Jarraipen zabala izaten ari da. Urriko greba egunen parekoa eta zenbait ikastetxetan zabalagoa. Azpimarratu behar da langileen konpromisoa eta kemena”.

“Eskaera argia da -jarraitu du Zubizarretak-: 2021eko abendutik iraungita dagoen hitzarmena berritzea. Gatazka hau bideratu nahi dugu sindikatok, eta ez dugu aurreko gatazka errepikatu nahi; baina horretarako giltza patronalen eta Eusko Jaurlaritzaren esku dago”. Zehazki, “patronalek hitzarmena sinatzeko eskaerei erantzungo dioten proposamenk eta edukiak mahai gaineratu behar dituzte”. Eta bestetik, “Hezkuntza Sailak ere hezkuntza sistemaren azken arduradun gisa eta langile hauen lan baldintza egokien arduradun gisa ere esku hartu beharra dauka”.

Dena den, Zubizarretak azpimarratu du “proposamen eta eduki egokiak izan arte mobilizazio eta greba dinamikarekin aurrera jarraituko du”.