Mitxel Lakuntza: “Aberastasuna banatzeko Errenten Itunen ordez, hitzarmen onak behar ditugu” #Maiatzaren Lehena
Milaka lagun kalera atera dira gaur, ELAk deituta, Maiatzaren Lehena ospatzeko eta urtean zehar lantokietan aldarrikatutakoa elkarrekin plazara ekartzeko, aurten ere Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Mitxel Lakuntzak (ELAren idazkari nagusia) Bilboko manifestazioan parte hartu du eta mezu oso zuzena luzatu du prekaritatearekin amaitzeko helburuarekin.
“541.600 langile prekario baino gehiago daude Hego Euskal Herrian: behin-behineko kontratuak kateatzen dituen osasungintzako langilea, autonomo faltsu gisa jarduten duen garraiolaria, urtean 18.000 euro baino gutxiago irabazten duen erresidentziako zaintzailea, praktika kontratuarekin lanean dabilen ikerlaria… -zerrendatu du Lakuntzak-. Eta prekaritateak bereziki kaltetzen ditu sektore feminizatuenak: zenbatu ahal izan ditugun hamar emplegu prekarioetatik sei emakume langileenak dira. Hau da, 311.000 emakume daude gutxienez prekario Hego Euskal Herrian; ezegonkor, lan jardun erdiekin maiz, doi-doi hilabeteari eusten”.
Lakuntzak bizitzaren garestitzeari buruz argi hitz egin du: “Inflazioak langileei gerrikoaren beste zulo bat, gutxienez, estutzea ekarri badu, prekarioenei bi. Eta hori guztia 2021ean enpresek inoizko irabazirik handienak lortu dituztenean, bereziki energia arlokoek (Iberdrolak 3.880 milioi irabazi ditu). Gure poltsikoaren erosahalmena gero eta txikiagoa denean, gainera: Hego Euskal Herriko soldatek % 10eko galera izan dute azken hamarkadan ( % 17koa sektore publikoan)”.
Afera honetan Gobernuek duten ardura azpimarratu du idazkari nagusiak: “Neurri egokirik hartu gabe jarraitzen dute Urkulluren, Chiviteren eta Sanchezen gobernuek. Energiaren garestitzea jotzen dute inflazioaren kausatzat, baina ura, haizea eta eguzkia gasaren prezioan kobratzen digute. Bruselarekin Espainiako Gobernuak lortutako akordioa ere urtebeteko adabaki hutsa da”.
ELAk soldaten defentsa Maiatzaren Lehenaren helburu nagusi bezala kokatu du: “KPIaren araberako igoerak eskatzea kaltegarria dela diote Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek. Baina soldatak gutxienez KPIaren arabera ez badira igotzen, aberastasun hori enpresetan metatuko da. Gobernuek ez dute nahi zergen bidez aberastasuna banatu, eta enpresen gaineko zergak murriztu besterik ez dute egin, honako ondorioarekin: 2007ean baino 1.000 milioi euro gutxiago jasotzen dituzte egun EAEko Ogasunek enpresen gaineko zergen bidez”.
ELAk ez dio uko egingo ez KPIari, ez soldaten orekatze justuago bati: erosahalmenari eta soldatei ez eusteak jendearen arteko deberdintasuna areagotzea dakarrelako. Gainera, sektore feminizatuetan KPIren igoera ez da nahikoa, soldata arrakala izugarria dagoelako eta horrek neurri espezifikoak eskatzen ditu. Soldatak defendatzea, ondasuna hobeto banatzea baita. “Ez dugu inolako Errenta Hitzarmenik nahi, lan hitzarmen onak baizik”, gaineratu du Mitxel Lakuntzak.