Mitxel Lakuntza: “EAJk eta EH Bilduk aukera dute bihar Kongresuan pentsioen murrizketak geldiarazteko”

2021/12/01
Mitxel Lakuntza: “EAJk eta EH Bilduk aukera dute bihar Kongresuan pentsioen murrizketak geldiarazteko”
Sindikatuek eta gizarte eragileek deitutako manifestazioaren atarian, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gogor kritikatu du Espainiako Kongresuan bihar bozkatuko den pentsioen legea, eta Euskal Herriko alderdiei oroitarazi die euren esku dagoela legea geldiaraztea: “EAJk eta EH Bilduk aukera dute bertan behera uzteko pentsioetan planteatzen diren murrizketak. Hori da gaurko manifestazioan eskatu nahi duguna”. Pentsiodunen mugimenduak ere “erreforma zakarretara bota behar dela” adierazi baitu.

Izan ere, pentsioak aurreko urteko inflazioaren araberako eguneratzea ezartzen du legeak eta murrizketak ekarriko ditu, Lakuntzaren hitzetan. Hala nola, aurrejubilazioetan. KPIaren araberako igoera ere ez da bermatuko, eta etorkizuneko pentsioak murrizteko beste tresna bat ezarri nahi dutela ohartarazi du idazkari nagusiak, MEI izenekoa.

Bestalde, lan erreformei dagokionez, Espainiako Gobernuak “hitza bete gabe” segitzen duela ziurtatu du. “Indargabetuko zutela esan zuten bere garaian, baina oraindik ez dute ezer ere egin. Gainera, azken egunotan esan dutenaren arabera, patronalarekin geldiarazi nahi dute erreforma. Hori gezur hutsa baino ez da”. Era berean, hitzarmenak Euskal Herrian negoziatzeko ahaleman errespetatu behar dela defendatu du, “hemengo hitzarmenak hobeak direlako, eta demokrazia auzia ere badelako”.

Azkenik, Madril zein Gasteiz nola Iruñeko aurrekontuekin ere kezkatuta mintzatu da. EAEri begira, “Eusko Jaurlaritzak ez du gehiago gastatu nahi, ez du gehiago inbertitu nahi. Eta ezkerreko alderdiek ez dute inolako tarterik jakinda zein aurrekontu motaren aurrean gauden”.

Horren aitzinean, mobilizazioa beharrezkoa dela ziuratu du Lakuntzak. “Horregatik gaur eta hemen hainbat sindikatu eta gizarte eragile elkartu gara, pentsatuz aldaketak kaletik etorriko direla”.