ELKARRIZKETA

Mitxel Lakuntza: "LABek aliantzaz aldatu du, UGT eta CCOOrekin bat eginda, patronalari akordioak merketzen”

2023/03/21
Mitxel Lakuntza: "LABek aliantzaz aldatu du, UGT eta CCOOrekin bat eginda, patronalari akordioak merketzen”
ELAko idazkari nagusia Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketatu dute. Hitzarmenen negoziazioetan beste gehiengo batzuk sortu direla deitoratu du. Bestalde. Espainiako pentsioen erreformari buruz egia esaten ari ez direla nabarmendu du eta ezkerreko alderdiei eskatu die erreforma ez babesteko.

Entzun elkarrizketa hemen

Erosahalmena bermatzeko inflazioaren araberako soldata igoera exijitzeko lan gatazketan, konfrontantzeko gaitasuna aldarrikatu du Lakuntzak ELAren oinarrizko eredutzat. Baina hitzarmenen negoziazioetan beste gehiengo batzuk sortu direla salatu du, LABek UGT eta CCOOkin lortu dituenak sektore batzuetan, esaterako: “LABek, praktikan, aliantzaz aldatu du negoziazio kolektiboan”.

Honek ekarri dituen ondorioak azpimarratu nahi izan ditu: “Sinatu dituzten akordio horiek oso urrun gelditu dira gutxiengo batzuetatik; UGT eta CCOO bilatzen baldin badituzu aliatu gisa, badakigu nora eraman ahal zaituen”. LABek exijentziaren langa jaitsi izana eta patronalari akordioak merketzea seinalatu du.

Espainiako pentsioen erreformaz, Lakuntzak nabarmendu “egia esaten ez dela” eta bestalde, “murrizketa batzuk betirako direla” onartzen ari dela. Izan ere, erreformak murrizketak dakartzala ezkutatzen ari direla dio, eta, gainera, “naturaltasun osoz” aurreko urtetan izandako erreformak betikotzen ari direla: “Ezkerrak onartu behar al du 67 urteko jubilazioa betirako dela? Ontzat eman behar al du pentsioen kalkulua egiteko 25 urte direla eta ez 15?”, adierazi du.

ELAk ezkerreko alderdiei eskatu die pentsioen erreforma hau ez babesteko murrizketak baldin badakartza. Aurreproiektu hau aztertzean, pentsio minimoen igoerak “oso eskasak” direla adierazi du, “10 euroko igoera da kasu batzuetan”. Lakuntzak onartu du inbestidurako bazkideak saiatu direla pentsioen erreformaren ondorioak leuntzen, baina ez dela nahikoa izan.

Egoera hau salatzen pentsiodunen mugimenduarekin batera ELA soilik egotea deitoratu du Lakuntzak. Pentsio sistemaren jasangarritasunaz, Lakuntzak proposatu du pentsioak kotizazioen bitartez soilik ez, baizik eta zerga bidez ere finantziatzea, “dirua badago, enpresa handiak inoizko etekin handienak lortzen ari dira”, gogorarazi du.