Mitxel Lakuntza: "Israeli ezin zaio ezer erosi edo saldu; boikotak izan behar du gure tresna nagusia"

ELAk 1.000 militante baino gehiago kalera atera ditu gaur Hego Euskal Herrian hainbat elkarretaratzeetan, sindikatuaren eskualde eta lurralde kontseiluen direla eta. Hain zuzen ere, Mitxel Lakuntzak (ELAko idazkari nagusia) hartu du parte Gasteizko mobilizazioan, eta ehun pertsona baino gehiagoren aurrean azpimarratu duenez, "Israeli ezin zaio ezer erosi edo saldu; boikotak izan behar du palestinarren aurkako genozidioa geldiarazteko tresna nagusia. Horregatik -erantsi zuen-, enpresei eta gobernuei (Eusko Jaurlaritza, Nafarroakoa eta baita Espainiakoa ere) zuzenean interpelatu behar zaie, behingoz benetako neurriak har ditzaten".
Era berean, Mitxel Lakuntzak nabarmendu zuen urriaren 15eko lanuzte orokorraren deialdia 4 ordukoa izango dela txanda bakoitzean (gauez, goizez eta arratsaldez), langile klaseak ahalik eta mobilizazio handiena egin dezan, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Galizan eta Katalunian ere. Gogoratu behar da lanuzte horien deialdia CIG eta Intersindical sindikatuekin batera egiten dela. "Euskal Herriak, Galizak eta Kataluniak bezala, berezko ahotsa eta Madrildik egindakoak baino aldarrikapen zorrotzagoak eta eraginkorragoak dituztela erakutsi du", azpimarratu zuen.
ELAk, CIGek eta Kataluniako Intersindicalek azken urteetan klaseko sindikalismo soberanistatik abiatuta, hainbat ekinbide, gogoeta eta estrategia partekatu izan dute. Hiru sindikatuon lankidetzaren zutabea da erabakitzeko eskubidearen defentsa eta lehentasuna ematea langileriaren baldintzak hobetzeko borrokarako lan- eta gizarte-marko propioei.
Gaur hiru erakunde sindikalak bat datoz Israel Gazan eragiten ari den genozidioak mobilizatzera behartzen dituela, gauza bat exijitzeko: estatu genozida haren kontra benetako neurri politiko eta ekonomikoak, eragingarriak izango direnak. Langileriaren euro bat ere ezin da Israelen interesen mesedetan erabili; Israeli ez diote ezer erosi edo saldu behar, ez gobernuek, ez enpresek. Horregatik, ELAk, CIGek eta Intersindicalek batera egingo dituzte bakoitzaren herrialdean urriaren 15ean deituko dituzten 4 orduko lanuzteak; aldarriak berdinak dira, eta oraingoan ere hiru sindikatuok Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako mobilizazio bereiziaren alde egingo dute.
ELAren, CIGen eta Intersindicalen aburuz, aipatu den moduko neurririk ez dagoenez eta Euskal Herriko, Galizako eta Kataluniako gobernuek, espainiar Estatukoak eta Europar Batzordeak behar adineko maila politikorik ez dutenez, jendartearen mobilizazioa eta presioa erabakigarria izango da Israelgo Estatuaren aurkako neurriak derrigortzeko.