ezinegona gizartean

Mitxel Lakuntza: "Lehendakariak ez du onartzen bere Gobernuaren politikek sortzen duten ezinegona"

2023/09/07
Mitxel Lakuntza: "Lehendakariak ez du onartzen bere Gobernuaren politikek sortzen duten ezinegona"
ELAk zerbitzu publikoak zein zaintza, eskubide sozialak, erosteko ahalmena eta genero berdintasuna defendatuko ditu. 2023ko ekainera arte, EAEko langileen %52 baino gehiagoren hitzarmenak eguneratu dira grebei esker. Bizitzaren garestitzeari, prekarizazioari eta zerbitzu publikoen okertzeari aurre egiteko helburuari ekin dio ELAk ikasturte berriari. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak eskainitako prentsaurrekoan adierazi dutenez, ELAk bere estrategiaren erdigunean jarriko ditu gizartearen gehiengoaren kezkak, langileak antolatuz eta borroka sindikalaren alde eginez; funtsezkoak baitira hitzarmen kolektiboen negoziazioa baldintzatzeko eta, horrela, aberastasunaren banaketa justuagoa, eskubide sozialak, kalitatezko zerbitzu publikoak (arreta berezia jarriz Osasunean, Hezkuntzan eta zaintzan), lan eremuaren euskalduntzea eta langile klasearen erosteko ahalmena berreskuratzeko.

Erosahalmena eta genero arrakala

Amaia Muñoak adierazi du grebei esker igo direla langile zati handi baten soldatak KPIren arabera edo inflaziotik oso gertu. Izan ere, urteko lehen sei hilabeteetan, LHKren arabera, 150.000 langileren hitzarmena eguneratzea lortu da EAEn, aurreko hilabeteetako grebei esker. "Langileen % 52k baino gehiagok eguneratuta dute hitzarmena, eta kopuru hori handiagoa izango da duela gutxi sinatutako hitzarmenak argitaratzen direnean. Azken urteetako ehunekorik handiena da ".

2023an lortutako igoeren batez bestekoari dagokionez, EAEn %4,93koa da (Gipuzkoan % 5,78koa da, ELAk hitzarmen gehien sinatu dituen lurraldean). “Errealitate hori, ordea, ez dator bat administrazio publikoko langileen %2,5eko igoerarekin", salatu du Muñoak. Patronala gobernua denean, soldata igoera txikiagoa dela ohartarazi du, eta ELAren konpromisoa berretsi du zerbitzu publikoen eta sektoreko lan baldintzen defentsan.

Era berean, ELAk borrokan jarraituko du hitzarmenak eguneratzeko edo lortzeko (soldatapekoen % 40k ez du hitzarmena eguneratu, eta % 6,2k ez du aplikatzeko hitzarmenik). "Berritu gabeko gehienak sektore feminizatuetakoak dira, maskulinizatuetan gehienak dagoeneko sinatuta baitaude", gaitzetsi du Muñoak. Bizkaian ostalaritza, elikagaien merkataritza edo esku-hartze soziala dira adibide, baita Gipuzkoako garbiketa edo Arabako eta Nafarroako adinekoen egoitzak ere, besteak beste. Horregatik, ELAk datozen hilabeteetarako duen erronka nagusietako bat izango da genero diskriminazioari aurre egitea, negoziazioetan ere azaleratzen dena.

Ildo horretan, ELAk, beste erakunde batzuekin batera, lan egingo du zaintzaren aldeko azaroaren 30eko greba mugimendu feministan mugarri izan dadin.

Ezinegona, politika publikoak eta demokrazia

Mitxel Lakuntzak, bere aldetik, politika publikoak aldatzea eskatu du, behar sozialei erantzuteko. "Etxebizitzak, zaintza sistemak edo osasun publikoak, adibidez, lehentasuna izan behar dute, arlo horiek sortzen baitute gizartearen ezinegona". Berriro ere azpimarratu du pobretze orokor batean gaudela, ez bakarrik KPIaren igoeragatik, baita hipoteken interes tasen igoeragatik edo alokairuen garestitzeagatik ere.

Egoera horren aurrean, ziurtatu du Gasteizko eta Iruñeko gobernuen ezaugarria dela erabaki garrantzitsurik ez hartzea, ez dutelako inolako erreforma fiskalik onartzen, ezta aurrekontuen igoerarik ere. "Politika horren printzipioa da interes ekonomikoei eta patronalei trabarik ez egitea".

Urkulluri erantzunez, Lakuntzak adierazi du Lehendakariak ez duela onartzen bere Gobernuaren politiken ondorioz sortzen den gizarte ondoeza. "Lehendakariak nahiago du bere erantzukizunak ezkutatu eta arreta desbideratzea, bizi baldintzak hobetzeko mobilizatzen diren erakunde eta pertsonei kritika eginez. Ez du onartzen ELA bezalako erakunde batzuek beraien politikak zalantzan jartzea eta langileak mobilizatzea aberastasunaren banaketa bidezkoagoa eta bizitza duinagoa lortzeko. Borroka sindikala beharrezkoa da demokrazian".

Gainera, Lakuntzak adierazi du ez duela inolako oinarririk grebak hauteskundeekin lotzea. Izan ere, 2023an, EAEn egin ziren Estatu osoko greben % 56, kopuru hori 2022an beretsua izan zen (% 50); eta 2009tik 2018ra, 2.500 greba baino gehiago deitu dira EAEn, ia 300.000 langileren parte-hartzearekin. "Borroka sindikala eta soziala dira lan baldintza onenak lortzeko euskal bereizgarria".

"Lehendakariak eta bere alderdiak grebaren aurkako jarreran bat egiten dute patronalarekin. Ortuzarrek duela urte batzuk esan zuen grebak antipatriotikoak zirela". Lehendakariari, ordea, "ez diote enbarazurik egiten" jendea pobretzearen kontura irabazi errekorrak lortzen ari direnek, hala nola bankuak, enpresa elektrikoak edo Repsol bezalako beste enpresa batzuk, Lakuntzaren hitzetan. ELAri buruz ELA entzun gabe hitz egin du gainera lehendakariak, idazkari nagusiaren hitzetan, Euskal Herriko sindikatu nagusiarekin bildu gabe jarraitzen baitu.

Horregatik, ELAk Urkulluren eta Chiviteren gobernuari eskatu die entzun, aztertu eta sakondu ditzatela gizartearen ezinegonaren benetako arrazoiak, eta erreakziona dezatela politika publikoak berehala aldatuz, gizarte premiak erdigunean jartzeko.