Mobilizazio eta greba astearen ondoren borroka ez da amaitu metalean

2013/06/21
Mobilizazio eta greba astearen ondoren borroka ez da amaitu metalean
ELAren iritziz, mobilizazio eta greba asteak metalean arrakasta izan du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duela hamar egun 60 hitzarmen zeuden blindatuta, eta honez gero 80tik gora ditugu. Nafarroan ere Rajoyren erreformari enpresetako atea ixten hasi gara. Gaur manifestazioak izan dira, Tolosa, Durango eta Gasteizen, besteak beste.

Hasi dugun dinamika honek ez du etenik izango. ELAk badaki uztailaren 7tik aurrera euskal patronalek lan-baldintzei gero eta eraso bortitzagoa egingo dietela. Legeak baztertu egin du orain arte bete duen eginkizun bat, hots, enpresarioen eta langileen arteko harreman desorekatuan alderik ahulena babestea; horrenbestez, borroka antolatzea beste biderik ez zaigu geratzen.

Ez daukagu diskurtso sindikal hutsalak egiteko astirik. Ezin zaie langileei erreforma laborala azaldu arrosa kolorekoa bailitzan: euskal patronalek ez dute inongo hitzarmenik nahi, ez lurralde, ez enpresa mailan, erreforma laborala mugatzen badu. Erreforma laboralari aurre egiten ez zaioen esparruetan negoziazio kolektiboarenak egin du.

ELAk dei egiten die gutxieneko konpromiso soziala dutela dioten enpresaburuei, ez daitezen gizarte honen txirotze estrategian konplize izan. Patronalaren arrastoan sartuz gero, gatazka laboralak aspaldiko urteetan ikusi gabeko mailara iritsiko dira.