Multinazionalek zergak ez ordaintzea ahalbidetu dutenek soldatak jaisteko erreforma laboral berriak eskatzen dituzte
Europar Batzordearen buru da Jean-Claude Juncker, 1995 eta 2013 bitartean Luxemburgeko lehen ministro eta 1989 eta 2009 finantza-ministro izan zena. Estatu hau Europar Batasunaren baitan paradisu fiskala bihurtu da. Juncker finantza-ministro zelarik bere gobernuak akordio sekretuak sinatu zituen 300dik gora multinazionalekin, hauek ez zitzaten zergak ordaindu jarduera ekonomikoa zuten herrialdeetan eta, beraz, etekinak lortzen zituztenetan. Halaber, Juncker Eurotaldearen presidente izan da; erakunde honek bere agintaldian bankuen zor pribatua kontu publikoetara eramatea erabaki du; bankuak erreskatatu eta gobernuak zorpetu dituzte. Junckerri Batzordearen presidente izateko saria eman diote politika Europa guztian norabide hartan jar dezan.
ELAren iritziz oso larria da enpresa handien trikimailu fiskalek eragin duten eskandalu ekonomikoa bete-betean denean Junckerrek eta bere Batzordeak dimititu ordez presaka erreforma laboral bat eskatzea, eskubideak eta soldatak murrizteko litzatekeena.
Honek argi adierazten du multinazionalek eta botere ekonomiko eta finantzarioak Europar Batasunean agintzen dutela. Bestalde, sistema ustel baten isla ere bada: botere ekonomiko eta finantzarioak, ate birakarien sistema medio, erakundeak kooptatu dituzte inboluzio kapitalista bat egiteko. Sistema honetan politika guztiak logika beraren araberakoak dira: gehiengo sozialari indarra eta eskubideak kentzea, bera pobretu eta gutxiengo aseezin baten mesederako.
ELAk Juncker eta bere Batzordea kargutik ken ditzatela eskatzen du. Baina hori ez da aski: politikak ere zeharo aldatu behar dira, Batasuneko Itunetan ezarritako irizpideak hautsi eta erregenerazio demokratikoa egiteko. Elite politikoak aldaketa biok arbuiatzen ditu, eta hauek gauzatzeko modu bakarra eredu horren aurka borrokatzen garen pertsona eta erakundeen bultzada eta konpromisoa izango da.