Muñoz: “Soldatak jaisten badira enplegu gehiago galduko da”

2011/10/07
Negoziazio kolektiboa indartzeko sindikalizazioa landu. Hori izan da ELAk urriaren 7rako Gasteizen antolatu duen jardunaldiaren leloa. ELAk Nazioarteko Sindikatuen Konfederazioak egun horretan antolatzen duen Lan Duinaren Nazioarteko Eguna baliatu nahi du hau guztiaz hausnartzeko. Jardunaldia Gasteizko Ogeta pilotalekuan hasi da eta gero ia 3.000 manifestariek SEA patronalaren egoitzarainoko bidea egin dute.

Ogeta pilotalekuan izandako hitzaldian, Adolfo Muñoz “Txiki”, idazkari nagusiak eta Joseba Villarreal eta Mikel Noval, negoziazio kolektiboko eta arlo sozialeko arduradunek hartu dute parte.

Adolfo Muñoz “Txikik” azpimarratu du bere hitzaldian “erreformaz erreforma eginez eta ekonomia erreala gero eta txarrago. Erreformek balio izan dute gure eskubideak desitxuratzeko. Ez ekonomia indartzeko. Guztiz kontrakoa, ekonomia erreala oso gaizki dago eta enpleguak, gure enpleguak, ekonomia horretatik datoz; ez ekonomia finantzario-espekulatibotik”.

Muñozek azaldu duenez, soldatak behera egiten badute enplegua askoz gehiago galduko da.” Enpleguak, berriz diogu, harreman zuzena dauka ekonomia errealarekin. Bankuei diru publikoa emanez, krediturik gabe, erreforma horiek eginez, hau da, ekonomia erreala suntsituz, enpleguak galtzen dira. Ez, hori egiten dutenei ez zaie enplegua inporta”. Era honetan, soldatak, lanaldiaren murrizketa eta lan baldintzak defendatu behar ditugula, adierazi du.

Irakurri hitzaldia

ELAren negoziazio kolektiboko arduradun Joseba Villarrealek mezu baikorra luzatu nahi dio militantzia guztiari. “Negoziazio kolektiboaren erreforma gelditu daiteke”. Helburu hori lortzeko, ordea, aurretik erronka handia dugula onartzen du. “Ezin dugu etsi. Erreformak patronalaren eta UGT zein CCOO sindikatuen interesak eta helburuak aurrera eramateko aukerak zabalik uzten ditu, baina ez du derrigortzen”.

“Enpresetan gure antolakuntza hobetu behar dugu; enpresan ez bagaude, ez gaude inon. Eta, helburu hori lortzea gure esku dago. Sindikalizazioa izan behar da gure helburua, hori da gure alternatiba. Atal sindikalak eta lan-taldeak eratu eta antolatu behar ditugu, enpresaz enpresa eta sektorez sektore. Horretarako jendea afiliatu beharra dago. Zertarako? Hamaika motibo dago: kolektiboa handitzeko, talde lana konpartitzeko, influentzia gehiago izateko, gure proiektu sindikalaren autonomia bermatzeko... Azken finean, askotan esan izan dugun bezala, ez da arrazoi kontua, indar kontua baizik. ELA gero eta indartsuagoa izan, gero eta indar gehiago izan, lan-baldintza hobeak lortuko ditugu. Bestela esanda: ELA dagoen tokian ez dizkigute lan-baldintzak inposatuko”.

Helburu horiek lortze aldera langile-jendearengandik hurbil egotea ezinbestekoa dela dio Villarrealek. “Jendearekin egon beharra dago, langileekin. Gure jarrera zabaltzea funtsezkoa da. Horretarako informazio tsunami bat sortu behar dugu. Eta edozein momentu ona izan liteke horretarako. Enpresan, langileen-asanbladan, lantokiko kafearen makinan edo koadrilan lagun artean pote bat hartzen. Berdin zait, aukera guztiak dira balekoak. Soilik sindikatu indartsu bat badugu lortuko dugu enpresa-hitzarmenak ditugun lekuetan horiek hobetzea eta ez ditugun tokietan egitea”.

Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak gure gobernariak  arduragabekoak direla eta murrizketen ondoren krisia areagotzen azpimarratu du.

Irakurri Hitzaldi osoa