Muñoz: "Astelehenean pobreziara kondenatu gaituztenak elkartuko dira Bilbon"

2014/02/27
Muñoz: "Astelehenean pobreziara kondenatu gaituztenak elkartuko dira Bilbon"
Martxoaren 3an sistema kapitalistaren ordezkari esanguratsuak elkartuko dira Bilboko Guggenheim Museoan, tartean Nazioarteko Moneta Funtsaren presidente Christine Lagarde. Harrera egiteko bertan izango dira ere Espainiako Erregea, Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoy edo Iñigo Urkullu lehendakaria, besteak beste. Hori dela-eta, egun osorako manifestazioak deitu ditu Gune plataformak egungo politika ekonomikoak salatzeko. Adolfo Muñoz "Txiki", ELAko idazkari nagusiaren hitzetan "pobreziara kondenatu gaituztenak elkartuko dira Bilbon".

Hasteko, manifestaldi nazionala egingo da Bilbon, 10:00etan. Bi zutabe izango ditu, eta aldi berean irtengo dira Jesusen Bihotza plazatik eta Arriagako plazatik. Moyua plazan bat egingo dute, eta handik Guggenheim museoaren inguruetara zuzenduko da.

16:00etan, hainbat hitzaldi emango dira EHUko Paraninfoan. Hiru hizlariek honako gai hauek izango dituzte mintzagai: batetik, erakunde horiek politika antisozialetan duten erantzukizuna eta herritarrengan dituzten efektuak eta, bestetik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Horretarako, gure artean izango dira Yayo Herrero, globalizazioan eta desazkundean aditua; Mertxe Larrañaga, nazioarteko ekonomian aditua; eta Iñaki Moreno, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Talde Sustatzaileko kidea.

19:00etan manifestaldia egingo da Euskadi Plazatik Arriaga Plazara, jakin dezaten herritarrok sistema ekonomiko eta sozial horretako eliteei bizkarra ematen diegula, eredu propioaren alde egiten dugula eta premiazko neurri zehatzak exijitzen ditugula.

Adolfo Muñozen ustez, Bilbon elkartuko direnak publikoki gauza desberdinak esan arren bat datoz politika ekonomikoa eta defizita zehazteko orduan. Horren lekuko, Kutxabank-eko bankarizazio prozesua salatu du. "Arduradunek hasiera-hasieratik bazekiten 140 urteko historiari amaiera emango zitzaiola bankarizaziorekin eta kanpoko kapitalaren esku utziko zela hainbeste urte ondoren sortutako ondarea”.