Murrizketa basatiak irakaskuntza publikoan

Eusko Jaurlaritzak egin duen aurrekontuaren arabera azken 4 urteetan Hezkuntzan 410 milioi eurotako murrizketa gauzatuko dute, aurten bakarrik 205,8 milioi euro dira murriztuko direnak. Murrizketa basati hau eragin zuzena izaten ari da bai hezkuntzako langileen lan-baldintzetan zein hezkuntzaren kalitatean.
Azken urteetan milaka klase ordu galdu dira irakasleak ez ordezkatzearen ondorioz, klaseetan ume kopurua mugara eraman dute, eskolako materiala murriztu egin da eta irakasleen lan-kargak izugarri hazi dira. Era berean, irakasle asko lanik gabe utzi dituzte, soldatak jaitsi egin zaizkie eta gaixotzeko eskubidea mugatu egin zaie.
Ikusteke dago Eusko Jaurlaritzak irakats-ordu eta klaseko ume kopurua handituko duen Madrilen aginduetara, orain arte moduan Espainiako gobernuari men egiten badio ez dugu itxaropentsu egoteko arrazoirik. Honen ondorioz beste milaka lanpostu galdu egingo dira eta hezkuntzaren kalitatea are gehiago murriztuko da.
Hau dena gutxi balitz, Madrilen LOMCE proiektua lantzen ari dira, lege-proiektu kolonizatzaile eta neoliberal hau gelditu egin nahi dugu eta Eusko Jaurlaritzak gure eskoletan inoiz ere ez sartzeko konpromiso argia exijitzen dugu Parlamentuan onartua izan arren.
Eraso hauek guztiak gelditzeko eta etorkizunekoak gerta ez daitezen argi daukagu mobilizazioa dela bide bakarra, horregatik deia luzatzen diegu hezkuntzako langileei mobilizatzen jarrai dezaten. Hasteko datorren apirilaren 19an eskola guztietan kontzentrazioak egitera deitzen dugu.