Murrizketak aipatu beharrik ez dago, gastuaren exekuzioa “moldatuta” emaitza bera lortzen baita
Jaurlaritzarentzat gastua egokitzeko joera honez gero sail guztietan ohikoa da, nahierara. ELAk nabarmentzen du, esaterako, gastua gutxitzeko prozedurarik ohikoena zein den: Zerbitzu eta herrilanak aurrekontua baino askoz merkeago esleitzea, horrek dakarren enplegu eta lan-baldintza galerarekin. Gobernuak lehiaketa publikoetan zerbitzu eta lanak enpresario piraten esku uzten ditu; enpresa hauek kontratuak lizitazio prezioa baino %50 edo 60 merkeago betetzeko prest daude. Lehiaketa publiko hauetan oihaneko legea da nagusi, lan-baldintzei erreparatuz gero, eta hau agintariei ez zaie axola. Murrizteko bide hauek oso ezkutuan geratzen dira, ez dute hedabideen arreta erakartzen, baina beren eragin antisozialetan kalte berbera eragiten dute.
ZERGA-POLITIKA EZ DUTE ALDATU NAHI
Murrizteko politika hauen jarraipena beharra zerga-politika gero eta injustuagoaren ondorio da; politika honek baztertu egiten du EAEn EB mailako batez besteko presio fiskala ezartzeko aukera: Zazpi puntutik gora, hots, urtean ia 5.000 milioi euro biltzeko modua. Horregatik, galdera bat datorkigu burura: Noren mesedetan? Argi dago, errenta altu, kapital- eta enpresa-errentena. Mesede honekin lotuta dago Confebaskek bat egitea euskal ogasunekin, hauek bere interesen alde baliatzen baitituzte Ekonomia-Itunak ematen dituen aukera normatiboak.
SOLDATEN JAITSIERAREKIN DIRU-SARRERAK ERE GUTXITU EGIN DIRA, ETA GIZARTEA POBRETU
Ogasunek erabaki zuten batez ere soldatek ordainduko zituztela zergak, eta beste taldeek (errenta altuak, kapitalenak eta enpresetakoak) ekarpen gero eta txikiagoa egingo zutela. Erabakia berez bidegabea ez ezik, zoroa da ikuspuntu sozialetik, areago gobernuen eta patronalaren helburua soldatak jaistea delarik. Soldata apalagoek eta kontratu berrientzako baldintza kaskarrek biltzen den diruan ere eragina dute (zergetan eta Gizarte-Segurantzako kotizazioetan).
ELAk nabarmendu duenez, murrizketa publiko bakoitza enpleguaren kalterako da, eta pobrezia eta desberdintasun soziala areagotzen du. Zorioneko hazkunde ekonomikoak ez ditu lan-baldintzak hobetu, ezta diru-sarrera publikoak ere, hauek beharrezkoak direlarik politika sozial eta solidarioak bideratzeko. Zerga-politika honekin jarraitzea porrot egin duten politika neoliberaletan tematzea da; hauen helburua beti ere defizit muga betetzea eta zorraren ordainari lehentasuna ematea da.
GARDENTASUN FISKALIK ETA EZTABAIDA SOZIALIK EZ DAGO
Deitoratzekoa da fiskalitatearen eztabaida, funtsezkoa izanik, gezurrak pilatuz saihestu nahi izatea. Enpresek eta kapital errentek EAEn Espainian baino zerga gutxiago ordaintzen dute. Euskal arautegietan makina bat hobari, kenketa eta laguntza jasotzen da; tasa nominalak txikiak izanik, ia ezerezean geratzen da benetako zerga ordaina, batez ere handienentzat. Gainera, iruzur fiskalaren jazarpena lehentasun politikoen artean kokatzeko borondaterik ez dago.
Fiskalitatearen inguruko eztabaidarik ez dagoen bezala, arau fiskalak erabakitzerakoan ere ez da gizartearen parte hartzerik onartzen. Euskal Autonomia Erkidegoa da Europako lurralde bakarra non parte hartze eta kontsulta mekanismorik ez dagoen, esaterako sindikatuoi entzunak izateko aukera emate aldera. Gai fiskalak oso jende gutxik erabakitzen ditu, eta jende hau interes enpresarialekin zeharo lotuta dago.
ELAk aldarrikatzen du zerga-politika goitik behera aldatu beharra dagoela. Mobilizazio soziala izango da aldaketa hori eragiteko modu bakarra.