Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ustelkeriari ateak irekita uzten dizkio

2015/11/05
ELAk ohartarazi du Gobernua betiko sare klientelarra finkatzen ari dela; haatik, Barkos babesten duten 26 parlamentukidetik 24k Paz Fernandezen azalpena arbuiatu dute.

ELA sindikatuak erabateko arbuioa eta sinetsi ezina adierazi du Paz Fernandez Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NEZ) zuzendari berriak atzo Parlamentuan eman zituen azalpenak direla eta; zerbitzuaren buruak onartu zuen mantendu egingo duela kontrol publikorik gabeko inpunitate eremu bat, hain zuzen CEN, UGT eta CCOOekiko zuzeneko hitzarmenetara bideratzen den Aurrekontuko atalari dagokiona. Zehazki esan zuen ez dakiela erakunde hauekiko hitzarmenetara doazen 11 milioietatik zenbat erabiltzen diren beren arduradun, enplegatu eta liberatu sindikalak ordaintzeko; hau gertatzen dela hitzarmenak irakurrita agerian geratzen da.

Fernandezek praktika hau legezkoa dela esan zuen (hau nolanahi ere auzitegiek ebatzi beharko dute), baita ziurtatu ere hitzarmenen zati hori Kontuen Ganberak ontzat eman duela; hau ez da egia, erakunde honek ez baititu oraindik aztertu 2014ko eta 2015eko hitzarmenak. Gainera, Fernandezen arabera Gardentasunaren Legearen baitan hitzarmenen xehetasunak argitara eman izana “hutsegite” bat izan omen zen; honek esan nahi du egungo ereduak ezkutuan jarraitu behar duela, iraungo badu. Azkenik, 2016an hitzarmen horietarako zenbatekoa erdira jaitsiko dela iragartzeak frogatzen du praktika hauek ezin direla politikoki azaldu.

Balorazio politikoari dagokionez, ELAk nabarmendu duenez, UPN-PPk eta PSNk Paz Fernandezen azalpenei eman dieten babesak agerian uzten du enplegu-politika honekin egungo Gobernuak finkatu eta bere egiten duela betiko sare klientelarra, Sanz eta Barcinaren agintaldietan ezarri eta Javier Esparza (UPNko burua) NEZeko zuzendari zenean indartu zena. Ondorio hau are argiagoa da ikusirik Uxue Barkos babesten duten 26 parlamentukidetik 24ren bozeramaileek (Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos) CEN, UGT eta CCOOekiko zuzeneko hitzarmenak eta NEZeko zuzendariaren agerraldia kritikatu egin zituztela (kontrara, paradoxa da oposizioak bere babesa eman ziela).

Aipamen berezia egin behar da I-Eren jarreraz; talde hau berriro agertu da CEN, UGT eta CCOOeko egitura finantzatzearen alde, beste behin UPN-PP eta PSNrekin bat eginda; gero eta argiago ikusten da auzi hau dela indar horren kezka nagusia Nafarroako Gobernuari ematen dion sostenguari eusteko.

ELAk berretsi du aberrazio politiko bat dela eredu hau defenditzea; galdegin du 2016ko Aurrekontuetan ez dadila erakunde hauekiko zuzeneko hitzarmenik jaso, eta NEZ birsortzea aldarrikatzen du, publiko, demokratiko eta gardena izan dadin, hau ezinbesteko baldintza izanik aldaketa politikoa gauzatu dela esateko.