Nafarroako Gobernuak menpekotasunaren sektorean dagoen titulazio premia UGT eta CCOOei mesede egiteko baliatu du

2015/03/12
Langileak urtetan ahaztuta eta abandonatuta izan ondoren, akreditazio profesionala azpikontratatu du, hauteskunde politiko eta sindikalen bezperatan .ELAk oportunismo politiko eta sindikal hau salatu du, eta berretsi egiten du bere aldarrikapena: langileentzako prestakuntza ikastetxe ofizial publikoek eman behar dute.

ELA sindikatuak uste du Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluak (hots, UGT, CCOO eta CENek) iragarri duenak, “menpekotasun sektoreko akreditazio profesionala” bermatuko duela alegia, berriro uzten duela agerian erakunde horiek Barcinaren Gobernuarekin elkar hartuta duten sare klientelarra. Jakina da gaitasun profesionala egiaztatzeko prestakuntzaren eskumen eta ardura autonomietako gobernuei dagokiela, kasu honetan nafarrari, zeinak urtetan eginkizun hau baztertu egin duen, milaka langile abandonatuz.

Areago, aipatutako erakundeek eta beste batzuk ikastaro horiek eman dituzte matrikula oso garestien truke, baliatuz Nafarroako Gobernuak bere eginbeharra ez zuela aintzat hartzen eta negozioa egiteko aukera eman nahi ziela bere kideko sindikatuei eta patronalari. Bitartean, ondoko erkidego batzutan, esaterako EAEn, zentro ofizial publikoen (Lanbide) ardurapean emandako ikastaroen bidez banatu dituzte akreditazio horiek. Prestakuntza izateko ehundaka langile nafarrek joan behar izan dute ikastaro horietara, beren sakeletik ordaintzen zutelarik.

Orain, hauteskunde politiko eta sindikalak gerturatu ahala, UPNren Gobernuak Nafarroako Aurrekontua aldatu egin du, PSNren ezinbesteko laguntzarekin, eta atal batzutatik bestetara 5,5 milioi euro mugitu ditu. Horrela ikastaro horiek lehiaketa publikora atera beharra saihesten du eta zuzenean utz ditzake UGT, CCOO eta CENen esku. Bestalde, erakundeok dirulaguntzak bereganatzen dituzte, ikastaroak eman eta errenta ekonomiko zein sindikala lortzen dute, diru publikoari esker eta menpekotasun sektoreko langileen bizkarretik beren buruaren propaganda eginez.

ELAk oportunismo politiko eta sindikal hau salatu du, eta berretsi egiten du bere aldarrikapena: langileentzako prestakuntza ikastetxe ofizial publikoek eman behar dute. Prestakuntza eta akreditazio profesionalak oso garrantzitsuak dira, ezin dira nahierara azpikontratatu, eta are gutxiago izan behar dira klientelismoa indartzeko, gero eta ustelagoa dagoen sistema baten baitan.