volkswagen navarra

Nafarroako Gobernuak milioi bat euro jarriko du VW-k 1.050 langileri soldatarik eta kontraturik gabe prestakuntza eman diezaien

Nafarroako Gobernuak milioi bat euro jarriko du  VW-k 1.050 langileri soldatarik eta kontraturik gabe prestakuntza eman diezaien
ELAk salatu egin du jende prekarioarekin egin nahi den abusua: multinazionalaren esanetara izango dira musutruk 8 astez, egunean 8 orduz.

ELAk gaur salatu duenez, Nafarroako Gobernuak milioi bat euro bideratuko du VW Navarraren esku 1.050 lagun jartzeko, gehienbat gazteak, inolako ordainsari eta lan-kontraturik gabe. Ehundaka kasutan kontratu bat lortu nahi duen jende hau Volkswagenen diziplinapean 8 astez (eta egunean 8 orduz) egongo da.

Hau da Maria Chivitek abuztu bukaeran, multinazional alemanarekin bilera bat izan ondoren, Trebakuntza Plan gisa aurkeztu zuen horren atzean ezkutatzen dena. Honenbestez, VW Navarra milatik gora langileren prekaritateaz baliatuko da asteburuko bere txanda berria martxan jartzeko; eta horretan laguntzaile izango dira UGT eta CCOO.

Maria Chivitek honen azalpena ematean esan zuen “lankidetza publiko-pribatuaren” eredu zela. Haatik, benetan funts publikoak erabiltzen dira VW Navarraren negozioa finantziatzeko. Izan ere, itzuli beharrik gabeko milioi bat euro emango baitiote, 1.050 langileren ustezko prestakuntzan soldata, kontratu edota beste gasturik egin gabe.

Iragarpen honen ondoren aldi baterako lan enpresak (ABLE edo ETTak) asteburuko txanda osatuko duen jendea hautatzen hasi dira; jende honi VW Navarraren instalazioetan emango zaio prestakuntza. Goi mailako lanpostu kualifikatuetan sartuko diren langileek (karrozeroak, instalazio gidariak, elektromekanikariak…) 8 asteko ikastaro teoriko-praktikoa jasoko dute egunean 8 orduz, inolako ordainik eta lan-kontraturik gabe; pizgarri bakarra, “enplegagarritasun berme” bat.

Txanda berrirako beharrezko izango diren gainerako langileei (produkziokoei), aldiz, 3 asteko prestakuntza emango zaie. Hauek tailerrean ere lan praktikoak egingo dituzte (gutxienez sei egunez lerroan lan egingo dute), baina -besteen moduan- ez dute ordainik eta lan-kontraturik izango. ELAk salatu nahi du diru publikoa ematea kontratatzeko prozesu bati ekiteko (Nortempo, Manpower eta Adecco-ren moduko ABLEen bidez), zertarako eta langileak prestatzeko berez eskolatik gaituta dauden eginkizunetan trebatzeko (goi mailako garduak dituzte). “Hori da lan-legedia onartu ezineko punturaino bihurritzea; kontratu guztietan jasota dago garatuko diren prozesuekin batera doala prestakuntza”.

Gainera, behin negozioa egiten hasiz gero, laneratzeko era hau produkzioko langileekin ere aplikatuko da, nahiz eta kasu honetan ez den titulurik eskatzen; plan hau asmatu arte harrera egun baten ondoren tailerretan piezak muntatzen hasten ziren, eta lehenengo egunetik jasotzen zuten soldata.

“Kontratu kopurua egundokoa izango da; horregatik, negozio bihurtzen da”, salatu du ELAk. “UGTk eta CCOOk hau badakite, eta isilik daude, espero dutelako sartzen den jende gehienak beren afiliatu zerrendak lodituko dituztela, multinazionalarekin elkar hartuta”. ELAk gogoratu duenez, “badira praktika profesionalak egiteko aukera eskaintzen duten kontratu motak; alabaina, horretarako VW-k kontratu bat formalizatu beharko luke eta langileak gutxieneko epe batez ordaindu eta mantendu; enpresak ez du halakorik nahi: askoz ere errentagarriagoa da Nafarroako Gobernuaren diru publikoa jasotzea jendea debalde lanean jartzeko”.

ELAk Nafarroako Gobernuari eta berau sostengatzen duten alderdiei galdegin die akordioa ezagutzera eman dezatela eta argitu dezatela nondik aterako den milioi hori, multinazional baten kostuak murriztu eta etekinak puztuko dituena, gehienbat gazteak izango diren 1.000tik gora langileren prekaritatea profitatuz.