Nafarroako Hezkuntzako EPEan diskriminaziorik ez dagoela dio sententzia batek

2016/04/15
Sententzia honek jasotzen duena da ez dagoela inolako diskriminaziorik euskarazko eta gaztelaniazko lanpostuetara aurkezteko aukera izateagatik, baldin eta beharrezko titulazioarekin betetzen bada. Nafarroako Gobernua arrazoirik gabe geratu da beraz zerrenda bakarra ezartzeko bai oposaketetan eta bai kontratazio zerrendetan ere.

ELAk txalotzen du Hezkuntzako EPEari buruz Epaitegi Administratiboak eman duen sententzia; honek, sindikatuak bai Administrazioetako Mahai Orokorrean eta bai Hezkuntzako Mahai Sektorialean aldarrikatu duena ziurtatzen baitu. Izatez, diskriminazioa gertatzen da euskararen ezagutza egiaztatzen duten izangaiei mugatzen dietenean gaztelaniako zerrendan parte hartzea.

Sententzia argia da eta euskara eta gaztelania jakitea “plus bat” dela azpimarratzen du, eta beraz, plus honek ez luke Administraziorako sarrera mugatu beharko. Aurreko Gobernuek diskriminatu egin dute arrazoi honengatik eta oraingo Gobernuak ere ez du arazoa konpondu. Zerrenda bakarra da diskriminazio honi bukaera emateko formula bakarra, Hezkuntzan soilik gertatzen den diskriminazioari bukaera emango diona.

Afapnak jarritako helegitearen aurka agertu ziren ELAko zerbitzu juridikoak, sindikatuaren iritziz diskriminazioa gertatzen delako kontuan hartzen ez direnean meritoa, gaitasuna eta berdintasun printzipioak; argumentu hauek dira sententziak azpimarratzen dituenak eta ELAk bere alegazioetan eraman zituenak.

ELAk gainera salatu nahi du Afapnaren axolagabekeria helegite hau jartzean, honek arriskuan jarri baitu 200 pertsonaren lanposturen egonkortasuna; Afapnaren helburu bakarra Nafarroako Administrazioetan jasan ditugun politika diskriminatzaileekin jarraitzea izan da.