Nafarroako Zurgintza alorreko hitzarmena ez du sinatu ELAk
ADEMAN eta ACEN patronalek eta UGT, LAB eta CCOO sindikatuek lan-hitzarmena sinatu dute gaur. 2010, 2011, 2012 eta 2013 urteetan soldatak izoztea onartu dute, horrek %9,1eko galera ekarriko dio soldaten eroste-ahalmenari. Hitzarmena 2016. urtera arte egonen da indarrean (2014-2016), eta urte horietako bakoitzean %0,85eko igoera izanen du, eta soilik 2 urteko aurrera-eragina, aparteko ordainsariak hainbanatu ahal izango dira 12 hilekoetan, eta Langileen Estatutuaren 34.2 artikulua aipatzen ez denez, ontzat ematen da 172 orduko lanaldiaren %10 era irregularrean banatu ahal izango dela, enpresari komeni zaion moduan.
Horiek dira gure zergatiak sektore-hitzarmen hori ez sinatzeko, zeren ELArentzat helburua ez da hitzarmena izatea Zurgintzan, gure helburua hitzarmenaren edukia da, langileen eroste-ahalmenari eustea gutxienez, eta lan-baldintzak hobetzea, patronalaren xantaiari men egin gabe, eta dituzten handinahikeriekin bat egin gabe.
Gainera, sektore-hitzarmena denez, eta Negoziazio Kolektiboaren Erreforma berria dela-eta, ez da gutxieneko maila bat izango, eta beraz baliteke enpresa askotan, Lan Baldintzak Nabarmen Aldatzearen 41. artikuluari atxikiz, aplikatu nahi ez izatea taulen gainetik daudenei edo, bestela, hitzarmenaren edukiak apalagotu nahi izatea langileek antolatzerik eta borrokatzerik ez duten enpresetan.
ELAn lagungarriak izan nahi dugu, horregatik eskatzen diegu Nafarroako Zurgintzako langileei baldintza horiek ez onartzeko, soldatak gutxienez KPIren arabera eguneratzeko borrokatzeko, eta gainerako baldintzak ahal den neurrian hobetzeko. Guk geure burua eskaintzen dizuegu borroka antolatzeko eta zuzentzeko, hala nahi duten langileak 5, 50 edo 250 izanik ere. Sindikatua ez da aukera bat, orain behar-beharrezkoa da, inoiz baino gehiago.