Negoziazio kolektiboa: hemen geuk erabaki nahi dugu
Adolfo Muñoz idazkari nagusiarekin batera, Joseba Villarreal eta Leire Txakartegi, –negoziazio kolektiboko eta berdintasun alorreko arduradunak, hurrenez hurren– parte hartu dute gaur goizean Bilbon egindako kanpainaren aurkezpenean.
ELAren aburuz, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak lan-baldintzak okertzen ditu eta askatasun sindikala urratzen du. Are eta gehiago, estatalizazioak langileon txirotasunean eta pobrezian sakontzen du.
ELA agerraldian salatu duenez, Confebask ez da Madrilen hartzen diren erabakietatik onurak atera nahi dituen bakarra. "Euskal neoliberalek nahiago dituzte Espainiako hitzarmenak, merkeagoak direlako" adierazi du Muñozek. Bere hitzetan, “aberastasuna banatzen laguntzen duen tresna kentzen digute, eta negoziazio kolektiborik gabe ez dago autogobernurik".
Villarrealek azaldu du estatuko mailako hitzarmenek %50eko soldata galera eta urtean 50 ordu gehiagoko ordutegia jasotzen dutela kasu asko eta askotan. Era honetan, estatalizazioak emakumeek pairatzen duten txirotzea eta prekarietatea larriagotzen dituela gaineratu du Leire Txakartegik. Izan ere, aparteko eragina izango du zerbitzuen alorrean, eta sektore honetan emakumezkoak %88 dira.