Osasunaren arloko langileak Garoña behin betiko ixtearen alde

2015/02/24
Osasunaren arloko langileak Garoña behin betiko ixtearen alde
Arabako osasunaren sektoreko langileek bat egin dute “Araba Garoñarik gabe” Ekimenaren deiarekin, eta herritarrak otsailaren 28an zentral nuklearra betiko ixtea exijitzeko egingo den manifestazioan parte hartzera animatzen dituzte.

Zentral nuklearrek osasunean duten eraginaren inguruko eztabaida beti egon da bizirik nazioartean. Gauza bat nahiz bestea defendatzen duten hainbat azterlan daude, baina Harrisburgeko (AEB 1979), Chernobyleko (Ukraina 1986) nahiz Fukushimako (Japonia 2011) ezbeharren ondoren, ezin uka daiteke ezbehar nuklearrek osasunetan eragin lazgarriak dituztela.

OMEk Chernobyli buruz egin zuen eta NBEren oniritzia duen txostenaren arabera, 9.000 minbizi biktima izan dira guztira. Beste txosten batzuek, hala nola Gerra Nuklearra Prebenitzeko Nazioarteko Mediku Elkarteak (GNPNME) egindakoak, ezbehar nuklearraren ondoriozko hildakoak 50.000 baino gehiago direla adierazten dute. Fukushimaren kasuan, medikuek zentralaren inguruetako umeen tiroide-minbizi kasuak esponentzialki hazi direla ikusi dute, eta ezbeharra gertatu eta egun gutxira, Tokioko ur korrontean (240 kilometrora) iodo erradioaktiboa aurkitu zen.

Zentral nuklearren funtzionamenduaren ondoriozko erradiazioak ez dira arriskutsuak ezbehar kasuan bakarrik. Biomedicine International aldizkarian argitaratutako azterlan batek islatzen zuenez, epe luzera osasunaren gaineko arrisku-patroiak txikiagotuz doaz Estatu Batuetako zentral nuklear bat ixtearen ondorioz ingurumenaren gaineko arriskuak murrizten direlako. Azterketa horrek erakusten zuen zentral nuklearrak ixtea epe laburrean lokalaren inguruko minbizi kasuen eta haurren heriotzen gutxitze nabarmenarekin erlazionatuta zegoela (isuri erradioaktiboak ezeztatzen eta ingurumeneko eta elikadura-kateko toxinak gutxitzen direlako).

Carlos III Osasun Zentroaren Epidemiologia Zentro Nazionaleko Minbizi Unitatearen 1999ko eta 2001eko azterlanek islatzen dutenaren arabera, Garoñako zentral nuklearraren inguruan bi sexuetako pertsonen sabel-minbiziaren tasa altuagoa da. Era berean, Garoñako, Zoritako eta Vandellós I.eko zentraletatik (azken bi horiek dagoeneko itxita daude) 30 km-ko inguruan biriki-minbiziaren ondoriozko heriotza gehiago zeudela ikusi zen. Azterlan horien arabera, Garoñakoa da bere inguruan 0 eta 24 urte arteko biztanleriaren artean leuzemiaren ondoriozko heriotza-tasa altuena duen zentral nuklearra.

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren txosten batek, erradiazio metatuko dosiak baxuak direla adierazi ondoren, honakoa onartzen zuen: “benetako dosi metatu handiagoa eta txikiagoa duten udalerrien arteko desberdintasuna bost magnitude-ordenakoa da, eta horien banaketa ez da antzekoa instalazioen artean. Hori hiru zentralik zaharrenen (Vandellós I, José Cabrera eta Garoña) isurtze handiagoen ondoriozkoa da. Horregatik, instalazio horietatik hurbilen dauden udalerrietako dosi metatuak mailarik altuenean daude”.

Hiru zentral horien artean, Garoña da itxi ez den bakarra, eta 42 urtez lanean aritu ondoren (2012ko abendutik geldi dago), 2031ra arte abian jarri nahi dute berriro, 1971n inauguratu zutenetik 60 urtera. Kontuan hartuz erradioaktibitatea metatuz doala, lehenengo belaunaldiko gainerako zentralak itxi egin direla eta arriskua gero eta handiagoa dela, eta Garoña berriro irekitzeak osasunean izan lezakeen eragina ere aintzat hartuz, zuhurtasun-printzipioa aldarrikatu behar da, premiazkoa baita pertsona, animalia, landare nahiz izaki bizidunentzako gero eta arrisku handiago honi aurre egitea.