Patronalak, CCOOk eta UGTk Auzitegi Nazionalean erreforma laboralaren alde egin dute hitzarmenak estatalizatzeko
ELAk dagoeneko iragarri du Auzitegi Gorenean helegitea jarriko duela, Europako bide judizialean aurrera egiteko eta horrela Zapateroren (2011) eta Rajoyren (2012) gobernuek ezarritako erreforma laboralen zati bat indargabetzeko, hauek bide ematen baitiote negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikaleko oinarrizko eskubideak urratzeari.
Bide honetako lehen urratsa izan da Auzitegi Nazionalean irailaren 21eko auzi-saioa; epaiak ELAren eskaria ukatu egin du, baina lan-hitzarmenen estatalizazioaren aldeko ebazpena batik bat argudio politikoekin azaldu du, ez juridikoekin. ELAk kontsultatu dituen legelariek nabarmendu dutenez “Auzitegi Nazionalak hankasartze juridiko argia egin du, legalitateari buruzko epai baten ordez egokitasun estrategikoan oinarritutako beste bat eman baitu”. Gainera, epaiak dioenez, estatu mailako negoziazioa “eragingarriagoa da, enpresen lehiakortasun eta produktibitatea sustatzen baitu”; halako baieztapenak ez dagozkio eremu juridikoari, eta agerian uzten dute PSOEren eta PPren erreformen aldeko posizio politikoa.
Halere, larriena da patronalak (Auzitegi Nazionalean ostalaritzako FEADRSek ordezkatu zuen), CCOOk eta UGTk egin zuten erreforma laboralen defentsa. Gogoratu beharra dago auzibide honen oinarria Ostalaritzako lan-hitzarmenei buruzko gatazkan datzala, baina ondorioek sektore guztiei eragiten dietela.
CCOOk eta UGT berariaz atxiki zitzaizkion patronalaren argudioei, ELAren demandaren kontra. Zehazki, patronalak, CCOOk eta UGTk “negoziazio-unitate estatal berrian hitzarmen probintzialak homogeneizatzea” hobetsi zuten. Honi “negoziazio dinamikoa” esaten diote, baina benetako xedea da hitzarmen probintzial edo autonomikoak negoziatzeko aukera galaraztea, hitzarmen estatalen bidez baldintzak beherantz berdintzeko. Hain zuzen harrigarria bada ere puntu honetan patronalak (baita CCOOk eta UGTk ere, harekin bat egin baitzuten) argudio juridiko gisa Felipe Gonzalezek 1980an egindako adierazpen batzuk baliatu zituzten, zeinetan zentralizazioaren onurak aipatzen ziren.
ELAk gogoratu nahi du bere demandaren helburua dela estatuko jurisdikzioa gainditu eta europar auzitegietara jotzea, hauek garantistagoak direlarik, salatzeko lege-markoak ELA baztertzeko aukera ematen duela sindikatu honen negoziazio kolektiboko eremuan bertan, eta horrek urratu egiten dituela europar eta nazioarteko araudietan aitortutako askatasun sindikaleko eta negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubideak. ELAk kasua Luis Enrique de la Villa legelari ezagunaren esku jarri du.