Patronala eta Diputazioaren berririk gabe Bizkaiko erresidentziek greban jarraitzen dute

2017/01/24
Patronala eta Diputazioaren berririk gabe Bizkaiko erresidentziek greban jarraitzen dute
Bizkaiko erresidentzietako langileek patronalaren berririk ez dutela eta Bizkaiko Diputazioa desagertuta dagoela salatzeko kalejira egin dute gaur Bilbon. Otsailaren 1ean hasitako lanuzte berrien egutegiari jarraipena eman dio gaurko protestak. Gogoratu, sektoreko patronalek negoziatzeko borondaterik ez dutela ikusita erabaki zutela urtarrilaren 13an asanblean bildutako langileek lanuzte berriak egitea.

Gaur jakinarazi dutenez, egoerak bere horretan jarraitzen du: sektoreko patronalek ez dute proposamenik aurkeztu, langileek egindako eskakizunak betetzeko adinakoa, eta sektoreari duintasuna emateko modukoa; bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak patronalaren ikuspuntua babesten jarraitzen du.

ELAko ordezkariek patronalen egoera erosoa salatu dute, aldundia aldeko baitute. Izan ere, aldundiak ustekabean hiru bider luzatu du ohe-kontzertazioa, eta gainera, enpresei ordaintzen die eskaintzen ez duten zerbitzu batengatik. Hortaz, grebak dirauen artean, enpresek %30 gehiago irabaziko dute.

Sinesgaitza da Aldundiak, denon diruaz, enpresei ordaintzea ematen ez duten zerbitzuagatik. Aldundiak, alde batetik, gutxieneko zerbitzuak eskatzen ditu, grebak erabiltzaileei dakarzkien ondorio larriengatik; eta bestetik, enpresei musu-truk ordaintzen die, eman gabeko zerbitzuagatik, haien inmobilismoari eutsiz, eta erabiltzaileen kaltetan.

Sektoreko ordezkariek borrokan jarraitzeko asmoa adierazi dute, harik eta azaldutako eskakizunak betetzen diren arte, ratioak hobetzeko behar besteko diru sailak bideratzen diren arte, zentroetako pertsonala handitzen den arte, eta langileei lan-baldintza duinak eskaintzen zaizkien arte.