GIZARTE EKIMENA

Patronalen arduragabekeriak ez du beste 5 greba egun egitea baino beste irtenbiderik uzten

2024/02/02
Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalak arduragabekeria nabaria erakutsi dute azken bileran. Hobekuntza oso eskasak ekarri dituzte Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahaira. Hitzarmena 3 urtez iraungita dago, 16 bileratik gora izan dira, 14 greba egun egin dituzte langileek eta otsailerako beste 5 deituta daude.

Bilboko LHKn sindikatuen eta patronalen arteko bilera akordiorik gabe amaitu da, patronalek hobekuntza eskasak ekarri bait dituzte funtseskoak diren gaietan. Azken proposamena urtarrilaren 16ko mahaian aurkeztu zuten. Eta proposamen harekiko hobekuntza batzuk aurkeztu badituzte ere, ez dira nahikoak adostasuna lortzeko.

Horrela, irakasleen lan kargak arintzeko eta enplegua bermatzeko neurririk ez dago. KPIa bermatzen ez duen eta soldatak finantzaketa publikoari lotzen dizkion planteamenduan errotuta jarraitzen dute eta Lanbide Heziketan ez dute berrikuntzarik proposatu. Sektore feminizatu eta prekarioenetan egon da hobekuntza bakarra, baina hau ere erabat eskasa izan da, urteko lanaldian 10 eta 20 ordu bitarteko murrizketa.

Sindikatuek adostasunetara iristeko erabateko borondatea dute. Horregatik, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei adostasunerako gakoak diren gaietan beharrezko edukiak mahai gaineratzeko eskatu diete. Beste behin zerrendatu dituzte zeintzu diren mahai gaineratu beharreko gakoak. Erosahalmena bermatzen duten eta finantzaketa publikoari lotu gabeko soldatak, lan kargak arintzeko neurriak kolektibo guztientzat, enplegua bermatzeko neurri zehatzak, eta sektore feminizatuentzako eta Lanbide Heziketarako hobekuntza sendoagoak behar dira.

Eduki hauek izango dituen proposamena egiteko eskatu diete sindikatuek patronalei. Hala daukatenean biltzeko erabateko prestutasuna adieraziz.