Politika industrialik gabeko gobernua
Gertakari hauen aurrean politika industrialik gabeko Jaurlaritza bat ikusten dugu, eta are okerrago, badirudi ez duela halako politika bat izateko asmorik ere. Industria sailburua desagertuta dago. Esaterako, ELAk apirilaren 8an bilera bat eskatu zion industriaren egoera aztertzeko, baina gaur arte hitzordurik ez digu jarri.
Sailburu anderea izaten diren topaketa enpresarialen bidez komunikatzen da gizartearekin, hutsik egin gabe izaten baita halakoetan. Mezua beti bera da: ELAri zuzendutako kritikak eta herri honetako industria eraisten ari den patronalarentzako babes osoa. ELAk sailburuari eskatzen dio urrats bat egin dezala aurrera eta industriak dituen arazoen benetako zergatiak sakon azter ditzala. Espero dugu hala egingo duela, eta garaiz, hots, bere sailak enpresa industrialik ez dagoelako zentzua galdu baino lehenago.
Horrenbestez, Aburto sailburuak ELAri egozten dizkion erruak -lan harreman gaiztotuak gure ardura omen dira- asko haserretzen gaituzte. Beste zerbait dago giro txar horren atzean: Milaka eta milaka behargin langabeziara bota nahi dituzten erabaki enpresarialak, hauek baitira harreman normalizatu batentzako izan litekeen erasorik larriena. Aburtok hori enpresarioekin izandako bilera batean esan zuen. Ez ote zen une egokia iragarritako itxiera horiek benetako arduradunen aurrean salatzeko? Beste galdera batzuk datozkio sindikatuari burura: Zer deritzo Confebaskek itxiera olde honi? Enpresa horien erabakiekin bat al dator?
ELAk patronalari eta Jaurlaritzari galdegiten die posizio argia ager dezatela azken asteotako erabaki enpresarialen aurren. Hala ez balitz, herri honetako langileek berriro ondorioztatuko dute Jaurlaritza botere ekonomikoaren azpikontrata bat besterik ez dela.