Politika publiko hauek herritarak pobreziara zigortzen dituzte

2014/11/07
Politika publiko hauek herritarak pobreziara zigortzen dituzte
Gune Plataforma osatzen duten eragileek deituta -ELA tarteko- giza katea egin da Gasteizko Ama Zuriaren plazatik Legebiltzarrera, pobreziara eta prekarietatera kondenatzen gaituzten politikak salatzeko. Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiak salatu du egungo politiken ondorioa dela pobrezia, eta Hego Euskal Herriko erakundeei hau konpontzeko behar diren aurrekontu eta zerga-politikak aplika ditzaten exijitu die.

Ehunka pertsonek parte hartu dute gaurko ekitaldian, eta kaleratzeak planteatu dituzten enpresetako langileak batu dira. ELAko idazkari nagusiak salatu du Finantzen Euskal Kontseiluak murrizketak erabaki dituela, eta Aburto Sailburuak esandakoa kritikatu du. "Aburto Lan Sailburuak badaki zerga politikak erabakita daudela eta gobernuko kide ez balitz bezala hitz egiten du. Hori iruzurra da".

Bestalde, Muñozek adierazi du elkarrizketa sozialik ez dagoela, eta Eusko Jaurlaritzak UGT eta CCOO sindikatuen eta Confebask enpresario elkartearen erreskate plana bideratu nahi duela honen bitartez.

Guneko kideek bere aldetik gogoratu dute Hego Euskal Herriko langabezia tasak %16a gainditzen duela, eta enplegurik gabe dagoen jendearen erdiak ez duela langabezia-prestaziorik jasotzen.