Mendekotasun Legearen Erreforma

Pribatizazioan eta prekarietatean oinarritzen jarraituko du, eta ez ditu egungo beharrak asebeteko

2026/07/16
Pribatizazioan eta prekarietatean oinarritzen jarraituko du, eta ez ditu egungo beharrak asebeteko
Hego Euskal Herriko instituzioek arlo horretako eskumenak erabili behar dituzte zaintza sistema publiko propioa sortzeko, doakoa, unibertsala, kalitatezkoa eta erantzunkidea.

Aste honetan, Espainiako Kongresuak mendekotasunari eta desgaitasunari buruzko legea erreformatzeko proposamena onartu du. Proposamen horren helburua egungo zaintza eredua aldatzea da, Estatuaren finantzaketa indartzea eta eskubideak eskuratzea erraztea.

Hona hemen Legearen erreforma berriak proposatutako aldaketa batzuk: 

  • Estatuak legez konpromisoa hartzen du Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren (SAAD) % 50 finantzatzeko.

  • Burokrazia murriztea: ezintasun-mailak ezartzeko erraztasun handiagoa.

  • Mendekotasuna eta desgaitasuna parekatzea.

  • Etxean zaintzea lehenestea, eta ez egoitzetan.

  • Bateraezintasunak ezabatzea, adibidez, eguneko zentroa eta etxez-etxeko laguntza uztartu ahal izatea.

  • Zaintzailearen kontzeptua zabaltzea; izatezko bikoteak, bizikideak, ingurune hurbileko pertsonak eta abar ere izan daitezke.

  • Espedienteak ebazteko epea 3 hilabete baino gutxiago murriztu nahi da, itxaron-zerrendak murrizteko.

  • Eta abar.

Orain arte luzatutako informazioaren arabera, Estatuaren finantzaketa blindatu nahi da, autonomia-erkidegoen mendekotasun-arloko eskumenak izanik. Ildo horretan, joan den ostegunean, uztailaren 9an, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua akordio batera iritsi ziren Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoan, Estatuak EAEk mendekotasunean egiten duen gastuaren % 50 finantza dezan, eta horrek urtean 250 milioi euro gehiago finantzatzea ekarriko luke. Finantzaketaz haratago, Hego Euskal Herrirako zer zaintza sistema nahi dugun hausnartu beharko genuke.

ELAk urteak daramatza zaintza sistema publikoa, doakoa, unibertsala, kalitatezkoa eta erantzunkidea aldarrikatzen. Aldarrikapen horrek bultzatu gintuen Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin batera 2023ko greba feminista orokorra sustatzera eta aktibatzera.

Mendekotasunari buruzko legearen inguruko proposamen berri horrek, asistentzia-premiak dituzten pertsonei hobekuntzak ekar diezazkiekeen arren, ez du zalantzan jartzen egungo sistema, erabat pribatizatuta (azpikontratazioaren bidez enpresa pribatuen esku) eta prekarizatuta dagoena, eta gehienbat emakumeek eta pertsona migratuek sostengatzen dutena. Oraindik ere etxeko zaintzak ohitu eta pribatizatzearen aldeko apustua egiten da, eta horren ondorioz, eskulan merkea kontratatzen da, emakume aurpegia eta migratua izan ohi duena, askotan erregularizatu gabe ere.

Hego Euskal Herrian 35.000 etxeko langile inguruk lan egiten dute. Horrek erakusten du erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuek ez dituztela egungo beharrak betetzen. Gainera, azken horiek ez dute erreferentziazko hitzarmen kolektiborik, eta, ondorioz, abusuzko egoera bizi dute. Etxez etxeko zerbitzua ere gero eta garestiagoa eta sartzeko zailagoa da, eta adinekoentzako egoitzen % 90 pribatuak dira.

Estatuak finantzaketa handiagoa bermatzen duen arren, erreforma berriak ez du bermatzen dauden beharretarako finantzaketa nahikoa dagoenik, ez du bermatzen zaintza-sare publikorik, zaintzak merkantilizatzen jarraitzen da eta ez da emakumezko langileen lan-baldintzak hobetzeko irizpiderik ezartzen.

Beraz, beste behin ere, aukera galtzen da hemen, Hego Euskal Herrian, zaintza-sistema propio bat sortzeko, sektorearen publifikazioa bermatuko duena, emakume langileen subrogazioarekin, eta lan-baldintza duinak dituen kalitate-sistema bat guztiontzat. ELAk langileak antolatzen jarraituko du helburu horiek lortzeko.