EAEko irakaskuntzako negoziazio mahaia
Proposamen berririk igorri gabe, eta lehenik komunikabideei helarazita egin du Hezkuntza Sailak deialdia

Komunikabideen bidez maiatzaren 8an negoziazio mahaia deituko duela adierazi du gaur Pedrosa Sailburuak. Minutu batzuen ondoren, mahaiaren deialdi formala igorri dute sindikatuetara: maiatzaren 8an, 15.00etatik 17.00etara.
Goizeko agerraldian esandakoaren arabera: “proposamen berri, bideragarri eta ona” egingo du Hezkuntza Sailak. Baina, beste behin ere, mahai negoziatzailerako bi egun baino gutxiago falta direnean, sindikatuek ez dute balizko proposamen berririk jaso. Hori ez da negoziazio prozesu erreal eta emankor baterako bidea.
Ustezko proposamen berri horretan hurrengoak barnebilduko direla esan du Pedrosa Sailburuak: giza-baliabideetan gehikuntza, soldatetan proposamena eta LH-ko gehiengo ratioa 23 ikasletik 22 ikasletara murriztea.
Ratioen jaitsiera ELAren aldarrikapen zentrala izan da. Etengabean aldarrikatu du eta horren ondorioz, prozesu honetan lehen aldiz Hezkuntza Saila ikasgelako ratioak murrizteaz mintzo da. Hala ere, haiek esandakoa erabat eskasa da: murrizketa LH-n soilik, 23 ikasletik 22 ikaslera bakarrik eta ratio politika eraldatu gabe (sistematikoki ikasgelak muturreraino betetzen jarraituta). Gainera porposamen zehatza aurrez ez bidaltzeak ez du susmo onik ematen.
Beraz, ELAk erabateko kautelarekin ikusten du deialdia. Eta Hezkuntza Sailaren jarrera adostasunak lortzeko egokiena ez dela salatzen du.
Maiatzaren 12tik aurrera 5 greba egun gehiago ditugu deituta eta ELAk ez du “marketing” mahai berririk onartuko. Grebalarion aldarrikapenek hilabeteak daramatzate Hezkuntza Sailaren mahaian eta horiei erantzuteko unea da.
Berriz ere erantzun positiborik jaso ezean, ELAk kaleak betetzera deitu ditu EAEko irakasle publikoak.