Qatarreko mundialerako futbol zelaien eraikuntzan 4.000 langile baino gehiago hil daitezke
Eraikuntza eta Zurgintzako Langileen Nazioarteko Sindikatuaren Agiria:
Idazki honen bidez, eta ICMren (Eraikuntza eta Zurgintzako Langileen Nazioartekoa) eta ELA sindikatuaren izenean, jotzen dugu zuengana gure kezka azaltzeko, eraikuntzako milioitik gora langile migratzailek Qatar-en bizi duten egoera dela-eta.
Ezaguna denez Qatar-ek irabazi zuen 2022ko Mundu Kopa antolatzeko lehiaketa. Hasieratik ikusi ahal izan ditugu langile migratzaileen lan-baldintza lazgarriak Qatar-en. Gaur arte 1.500etik gora langile hil dira Qatar-en, eta ikuspegi ezkorrenek diotenaren arabera 4.000 langile inguru hil litezke mundu-txapelketarako estadioak eta azpiegiturak eraikitzen, lehenago konponbiderik bilatzen ez bada, behintzat.
Giza eta lan eskubideen zaintzaile eta, aldi berean, futboleko jarraitzaile garen aldetik, kezka larriak ditugu Mundu Kopa halako herrialde batean jokatzeagatik, milioika langile diskriminaturik eta zapaldurik dauden herrialde batean jokatzeagatik. Horregatik dei egiten diogu FIFAri iritzi bat hartzeko eta azaltzeko, eta Qatarko langile migratzaileen eskubideen alde agertzeko. FIFAri dagokio, bera baita futboleko txapelketarik handienaren antolatzailea, erantzukizun moral hori egokiro betetzea: justiziaren eta giza eskubideen alde agertzea.
Maiatzean zehar egingo da FIFAren 65 Kongresua Zurich-en (Suitza), eta biltzar horren baitan erakundeko lehendakaria izendatzeko hauteskundeak egingo dira. Hori dela-eta, bai ICMk, mundu mailan, bai ELAk, Euskal Herrian, kanpaina bati ekingo diote, FIFAk jarrera bat har dezan, eta Qatarko langile migratzaileen eskubideak bermatuko dituzten neurri zehatzak bultza ditzan.
Ildo horretatik, eta ICMren kanpainaren barruan, biziki bultzatzen zaituztegu gurekin bat egitera, giza eskubideen alde, eta Qatarko milioitik gora langile migratzaileen zapalkuntza salatzera.
Amaitzeko, pozarren bilduko ginateke zuekin gai ikaragarri horretaz astiroago hitz egiteko, eta Qatarko langile migratzaileek lan-baldintza duinak izan ditzaten elkarrekin lan egiteko.