EAEko irakasleen negoziazio mahaia
Ratioak hobetzea, langileak egonkortzea, desburokratizazioa eta erosahalmena berreskuratzea eskatuko du ELAk

Bihar arratsalderako EAEko irakasleen negoziazio mahaia deitu du Hezkuntza Sailak. Bederatzi greba egun egin dituzte irakasleek eta beste 5 greba egunetara deituta daude maiatzaren 12tik 16ra.Greben jarraipen eta babes maila oso zabala izaten ari da.
Apirilaren 9tik ez dute Hezkuntza Sailaren berririk izan sindikatuek. Ia hilabete ondoren egin du bilera deialdia, komunikabideen bidez eta sindikatuei gaur gaurkoz proposamenik helarazi gabe. ELAk salatu du hau ez dela negoziazio prozesu erreal eta emankor baterako bidea.
Ustezko proposamen berri horretan hurrengoak barnebilduko direla esan du komunikabideetan Sailburuak: giza baliabideetan gehikuntza, soldatetan proposamena eta LH-ko ratioa 23 ikasletik 22 ikasletara murriztea.
ELAren aldarrikapen zentrala ratioen jaitsiera da, etengabean aldarrikatu duena. Aldarrikapen horri eta greba dinamika indartsuari esker, prozesu honetan lehen aldiz Hezkuntza Saila ikasgelako ratioak murrizteaz mintzo da.
Hala ere, haiek esandakoa erabat eskasa da: murrizketa LH-n soilik, 23 ikasletik 22 ikaslera bakarrik eta ratio politika eraldatu gabe (sistematikoki ikasgelak muturreraino betetzen jarraituta).
Ratioez gain, Hezkuntza Sailak aurrerapauso nabarmenak eman beharko lituzke giza-baliabideen gehikuntzan, soldatan, enplegua finkatzean, desburokratizaziorako neurrietan, erretiroan eta lan-osasunaren bermean.
Maiatzaren 12tik aurrera 5 greba egun gehiago daude deituta. Langileen aldarrikapenek hilabeteak daramatzate Hezkuntza Sailaren mahaian eta horiei erantzuteko unea da. Hau gertatu ezean ELAk kaleak betetzera deituko ditu EAEko irakasle publikoak.