Sinatutako hitzarmen eta akordioak oso-osorik betetzea eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari
Atzo Josu Erkoreka bozeramaleak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak erabaki du 2016an 35 orduko lanaldia berrezartzea. Erabaki honekin, zeina urriaren 23ko mahai orokorreko azken bileran Funtzio Publikoko sailburuordeak jakinarazi zigun, Jaurlaritzak 2010eko mahai orokorrean adostutako azken akordioa betetzen du, EAEko administrazioko langileen lanaldiari dagokionez.
ELAk salatu duenez, Urkulluren gobernuak legealdi hasieran hartu zuen erabakiak, EAEko administrazioan lanaldia 45 ordu luzatzea, eragin larriak izan ditu euskal arlo publikoan. Soilik Osakidetzan ordu kopuru hori gehitzearen ondorioz 1.500 lanpostu galdu dira.
Mahai orokorraren bilera otsailaren 11rako deituko duela eta (komunikabideetatik jaso dugu albistea), ELAk Jaurlaritzari honakoa exijituko dio:
-
Negoziazio kolektiboa errespetatzea, sinatutako hitzarmen eta akordioak oso-osorik beteaz, 2010eko mahai orokorrekoa barne, kanpoko aginduei muzin eginez eta aldebakarreko inposiziorik gabe.
-
Enplegu suntsipena gelditzea: Ordezkapenak lehen egunetik, eta lanpostu estruktural guztiak zein baja begetatiboak osatzeko lan-eskaintza publikoak.
-
Aldi baterako enplegua finkatu eta zerbitzuen pribatizazioa eta azpikontratazioa berehala amaitzea.
-
Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea (aparteko ordainsaria bere osotasunean barne).
-
Kendutako gainerako lan-baldintzak berreskuratzea (aldi baterako ezintasuna, norberak hartzeko eta antzinatasunagatiko egunak, Itzarri eta erretiro aurreratua).
Behin 35 orduko lanaldia berreskuratu delarik, ELAk dei egiten die mahai orokorraren eraginpean dauden langileei antolatzen eta mobilizatzen jarrai dezaten, besteak beste Osakidetzan, Ertzaintzan, irakaskuntzan,administrazio autonomoan, justizian edota sozietate publikoetan egiten ari diren bezala. Helburua, galdutako eskubideak berreskuratu eta politika larri hauek aldaraztea, kalte egiten baitiete zerbitzu publikoetako langileei, baina baita euskal gizarteari oro har.