Hezkuntza publikoko Sukalde eta Garbikuntzan greba deitu du ELAk maiatzak 23tik 27ra arte behin-behineko langileen kontsolidazioa eta ordezkapenak eskatzeko

2022/05/11
Maiatzak 23tik 27ra arte, ELAk beste greba deialdi bat egitea erabaki du Hezkuntza publikoko sukalde eta garbikuntzan, Hezkuntza Sailak langileen eskakizunei erantzun gabe jarraitzen duelako. Hau da, ez ditu behin-behineko eta prekario dauden 500 langie baino gehiagoren kontsolidazioa bermatzen, eta ordezkapenetako askok bete gabe jarraitzen dute. Gainera, Hezkuntza publikoko beste esparruetako behin-behineko langileen kontsolidazioa zein negoziaketa erreala galdegiteko ekaina aurretik greba deitzeko proposamena luzatu die ELAk gainerako sindikatuei.

Martxoaren hondarrean egindako hiru eguneko grebari esker, Jaurlaritzak negoziaketa mahaia deitu zuen apirilaren 5ean eskari horiek lantzeko. Baina erantzun egokirik gabe amaitu zen. Izan ere, kontsolidaziorako planteatutako meritu lehiaketan zehaztu gabe geratu ziren kontuan hartu beharreko meritu bakoitzaren balorazioa eta hezkuntza publikoan egindako lan denborarena.

Hau horrela izanik, ELAk beste bost greba eguneko greba deitzea erabaki du: maiatzaren 23tik 27ra. Gogora dezagun hezkuntza publikoko sukalde eta garbiketa zerbitzuen %90 pribatizatuta dagoela, eta publikoak diren zerbitzuetan langileen behin-behinekotasuna %70 baino handiagoa da. Ez da kasualitatea: egoera ezegonkor hori pribatizazioekin aurrera jarraitzeko apustu politikoa da

Hori gutxi ez, eta ordezkapen falta ikaragarria dago sektorean. Ez dira baliabide nahikorik bideratzen, hortaz, ordezkapenak ez dira egiten eta egiten direnak berandu egiten dira. Onartezina da egoera, izan ere, ELAren datuen arabera, irailetik hona eskola bakoitzean batez beste 50 egun igaro dira langile bat gutxiagorekin.

Hau horrela, greba dinamika indartzea erabaki du ELAk -gehiengoa du arlo honetan-. Hezkuntza Sailak ekainaren 1a baino arinago ebatzi behar du estabilizazio prozesuetara deituko den lanpostu kopurua, eta mobilizazioak beharrezkoak izango dira kontsolidazioak aurrera egin dezan.

Beste hainbeste beharko luke Hezkuntzako gainontzeko arloetan, ELAren iritziz. Irakasle, heziketa berezian eta haurreskoletan antzeko jarrera ari da erakusten Jaurlaritza. Oraingoz esparru horietako bakar batean ere ez du oraindik mahai gainean jarri nolakoa izango den zehaztasunez estabilizaziorako jarraitu asmo duen prozesua. Are gehiago, Hezkuntzan dauden 15.000 behin-behienekoentzako 4.700 lanpostu atera nahi ditu estabilizazio prozesuetara; eskasa, esan beharrik ez.

Agerikoa da Hezkuntza Sailak ez duela langileon ordezkariekin negoziatzeko asmorik, eta alde bakarrez ari da erabakiak hartzen. Hori dela eta, ELAk gainerako sindikatuei, Sukalde eta Garbikuntzan nola, Hezkuntza publikoko gainerako esparruetan ere ekainak 1 aurretik greba deitzeko proposamena helarazi die. Erantzunen zain da orain ELA.