UGTk, CCOOek eta Metalgintzako patronalak Nafarroan sinatu duten hitzarmena hain da txarra, eduki zehatza ezkutuan gordetzen duten

2015/12/22
ELAk lege-ondorioez ohartarazi du, eta plantillen subrogazioa galdatzen jarraituko du, Nafarroako Parlamentuak eskatu zuen bezala.Atzo bukatutzat jo zen Nafarroako Industria Siderometalurgikoaren 2015-2017 Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioa.

Bilera 10 minutu eskasekoa izan zen, abenduaren 10eko akta sinatzeko baino ez baita izan. Orduan, teorian, enpresarien elkargoek (APMEN, ANEM) eta sindikatuek (UGT eta CCOO) lortu omen zutena aurre-akordio bat izan zen.

Eta teorian erran dugu, atzo arte dokumentu hori ez zitzaien banatu gainerako sindikatuei; eta horrela ezin dira sakonean aztertu hitzarturiko gaiak. Berriz ere, agerian geratu dira negoziazioen ezkutukeria eta gardentasunik eza. Mahaian antzezten dute, mahaitik kanpo adosten dutena; hori horrela, negoziazio osoa zirko bat izan da.

Horregatik, eta aitzinetiko hitzarmenean (2012-2014) gertatu zena berriz gerta ez dadin, ELAk ohartarazpen bat eman die mahaiburuari eta partaide guztiei (UGT-CCOO-LAB-APMEN-ANEM) non zera erraten den: behin betiko argitalpenean negoziazio-mahaian aztertu ez diren gaietatik kanpoko aldaketarik agertuko balitz, negoziazio kolektiboaren eskubidearen urraketa izango litzateke. Beraz, halakorik gertatuz gero, ELAk beretzat gordetzen ditu legez har daitezkeen neurriak, negoziazio kolektiboaren eskubidea eta askatasun sindikala babestearren.

Bide batez, bilera horretan dei egin diegu sinatzaileei, sinadura gibelatzeko, harik eta hitzarmenaren testuan bertan subrogazioari konponbidea ematen zaion arte, Nafarroako beste hitzarmen batzuetan egin den bezala. Nafarroako Parlamentuak berak ere adierazpen bat onetsi zuen abenduaren 14an, non oso egokitzat eta herri-onurakotzat jotzen zen sektore-hizarmen guztietan plantilla-subrogaziorako klausulak sartzea.

Tamalez, UGTk eta CCOOek entzungor egin diete plantillen eta gehiengo sozialaren eskariei, sektorean hain garrantzizkoa den gai horretan, eta APMEN eta ANEM patronaletara lerratu dira, plantilla ugari sistemaren nahikeriaren menpean utzi dituzte, eta baldintzak prekarioago bihurtzeko zorian.

ELAn zain gaude behin betiko testuak noiz argitaratuko diren. Orduan arretaz aztertuko ditugu, eta metalgile nafarrei azalduko diegu zein diren hitzarmenaren ondorioak eta nola konpondu atzerakadak eta murrizketak. Edonola ere, galerak antolamendu kolektiboa dugun tokietan bakarrik zuzendu ahal izango ditugu; hori ezinbestekoa da ELArentzat, eta horretan ahaleginduko gara gure indar guztiekin.