Unai Martinez: “Boterea sortu behar dugu lantokietan aberastasuna banatzeko borrokan irabazteko”
ELAko Industria eta Eraikuntza federazioko (IEF) 326 ordezkariek gaur Barañaingo Auditorian izan den kongresuan Unai Martinez hautatu dute idazkari nagusia zateko, botoen % 92,02aren babesarekin. ‘Langileekin eraldatu’ izan da kongresua garatzeko hautatutako leloa; azken kongresutik hona federazioak izandako jarduerari buruzko kudeaketa txostena bozkatu da, baita hurrengo lau urteetan ekintza sindikala gidatuko duten sei ebazpenak ere: 1) Kalitatzeko enplegua bermatu eta trantsizio ekosoziala bultzatuko duen industria politika exijitzen dugu. 2) Enpresak eta sektoreak sindikalizatzeak gure bizitza duintzen du; 3) Bada garaia Euskal Herrian lan eskubideak errespetatuz eraikitzeko; 4) Federazio feminista eta eraldaitzailerantz; 5) Lan egingo dugu lan-merkatuko diskriminazioak eta prekaritatea desagerrarazteko; eta 6)Gure lan baldintza guztiak Euskal Herrian negoziatzea eskatzen dugu.
Halaber, 4. Kongresu honetan ordezkari ziren 326 lagunek 38.996 afiliaturen izenean bozkatu dute zuzendaritza berria, Unai Martinez idazkari nagusiarekin batera; Industria eta Eraikuntza Federazioko Batzorde Iraunkorra honakoek osatuko dute:
- Unai Martinez Azarola: Idazkari Nagusia
- Arrate Elkoro Zengotitabengoa: Genero ekitatea. Nazioartea. Ezkerraldea-Kadagua, Bilbo, Bizkaiko eraikuntza
- Mikel Etxebarria Campos: Konkurtsoen taldea. Ibaizabal-Nerbioi
- Sergio Vazquez De la Fuente: Gernika Durango, Eskumaldea
- Esther Arruti Roteta: Oarso-Bidasoa, Oria-Goierri, Donostia, Gipuzkoako Eraikuntza
- Ioritz Mendiguren Lekuona: Nafarroa, Deba
- Amagoia Lasagabaster Altube: Gasteiz, Urola-Kosta
Kongresuaren amaieran, Unai Martinezek ELA-IEFeko militanteen sostengua eskertu du eta antolakuntzaren garrantzia azpimarratu du: “Sindikalistok botere kolektiboa sortzeko eginbeharra daukagu. Antolatzaileak gara eta langileei tresnak eman behar dizkiegu beraien etorkizunaren jabe izateko. Indarra sortu behar da, bestela kontsultak erantzungo ditugu, legearen bueltako arazoak argituko ditugu, epai batzuk irabaziko ditugu eta hitzarmen txukunen bat ere sinatuko dugu… Baina kapitalismoak geroz eta pobreagoak eta menpekoagoak izatera eramango gaitu egunez egun”.
Ildo horretatik, Martinezek galdera bat plazaratu du: “Zer egin behar du kontrabotereko sindikatu batek? Boterea sortu! Eta hori erronka kolektibo oso potoloa da; militante guztiei luzatzen diegu gonbidapena parte hartzeko prozesu honetan, ederra da! Izan indartsu, eraiki boterea!”. Hori esanda, IEFeko idazkari nagusiak argi utzi du datozen lau urteetako jarrera: “Guk ez dugu inongo atzerapausorik emango ez negoziazio kolektiboan, ezta enpleguaren defentsan ere. Mezu hau patronalei, mezu hau gobernuei: aberastasunaren banaketa borrokatuko dugu, gure jendearen lanpostuak defendatuko ditugu, neoliberalei kaña!”.
Jakina denez, 2026. urtean ELAk 115 urte beteko ditu. “Nahiko gazte gaude hain zaharrak izateko”, azpimarratu du Martinezek. “Gogoratu nahi dut zer garen: sindikatu antifaxista gara. Zapalduetatik gertu gaude. Ez dugu onartzen inolako jazarpenik genero, arraza edo sexu eta genero disidentziagatik. Ez dugu genero arteko inongo diskriminaziorik onartzen. Horregatik feminismoa da gure iparorratza. Euskal Herri burujabe batean sinisten dugu, eta ez dugu nazio subordinatu bat izan nahi. Herri guztiak dute beraien etorkizunaren jabe izateko eskubidea, eta gu ez gara ez gehiago, ez eta gutxiago ere”. Aldi berean, Martinezek ELAren konpromiso internazionalista berretsi du: “Ez dugu inoren zapaltzaile izan nahi. Munduari bakea eta justizia opa diogu, eta lan egingo dugu hori lortzeko”.