Basozainak – Nafarroa

Urriaren 15ean greba deitu dute lan baldintzak hobetzeko

2026/10/01
Urriaren 15ean greba deitu dute lan baldintzak hobetzeko
Langileen Batzordeko sindikatu guztiek grebara eta mobilizazioetara deitu dute, aurrerapenik eta benetako negoziaziorik ez dagoelako.

Basozainek gero eta egoera zailagoa dute, azken urteotan beren gain hartu dituzten eginkizun eta erantzukizunen hazkundearekin bat ez datozen lan baldintzen ondorioz. 112 sisteman parte hartzen dute, desagertutako pertsonen bilaketa lanetan, baso suteen itzaltze lanetan eta ehiza eta arrantzaren kontrolean, besteak beste, baina Nafarroako Gobernuak ez dio erantzun lan baldintzak eguneratzeko beharrari.

Besteak beste, plantilla indartzea aldarrikatzen dute, Plan Zuzentzailean aurreikusitako 17 lanpostuak sortuz, baita soldata hobekuntzak eta kontziliazioaren arloan aurrerapenak ere. Aldarrikapen horiei oraindik ez zaie erantzunik eman, eta Nafarroako Gobernuak ez du benetako negoziaziorik abiatu orain arte.

Aurrerapenik ez dagoenez, ELAk, LABek, AFAPNAk, CCOOk eta UGTk aho batez erabaki dute datorren urriaren 15erako greba eguna deitzea. Jardunaldi horretan manifestazioa egingo da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentutik Nafarroako Jauregiraino.